Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n.
«Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek. Bistan denez, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak den-dena baldintzatu zuen, eta jakina, ekimena ere bai: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek», adierazi du Gure Eskuk.
Eta, fase berri honetan, «herritarrok eta gure aldarrikapenek» plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela ohartarazi du: «Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute, sare sozialetan eta prentsa ohar bidez, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean.
Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako «plazak berreskuratu eta aldarriz bete» asmo dituzte ekainaren 7an, goizeko 11.00etatik eguerdiko 14.00etara bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.
Azkenik, iragarri dute mobilizazio honen ondoren, pixkanaka Hamaika Garak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartzeari ekingo diola eta udazkenetik aurrera indartuko dutela kanpaina.
Solasaldi digitalak
Gure Eskuk ‘Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalak’ antolatzeko baliatu du geldialdia. «Covid-19aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetuz, zer gertatuko zain geratzen bagara, iraganaren antza gehiegi izango duen normalitate berri batera igarotzeko arriskua handia da. Horregatik, norantz jo nahi dugun hausnartzeko saioak sustatu ditu. Izan ere, krisiek ez dituzte berez aukerak zabaltzen; gure erabaki burujabeek, bai», nabarmendu du.
Gaur Ane Zabaleta geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua eta EHUko ikertzailea, eta Unai Pascual Ikerbasque-ko ikertzailea (BC3), irakaslea eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kideak klimaren inguruan hitz egingo dute ziklo honen azken saioan.