Deskonfinamenduko bigarren fasea ekainaren 2tik aitzina abiatuko dela iragarri zuen maiatzaren 28an Edouard Phillipe ministroak eta iragarri zituen irizpide berrien arabera, udalekuak ekainaren 22tik aurrera egin ahal izango dira Estatu frantsesean. Ordea, Amets Lahetjuzanek, Uda Leku elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, ezartzen diren neurrien arabera erabakiko dute udalekuak egitea posible den eta berauek nola antola daitezkeen, baina oraindik ez dute bete beharko dituzten baldintzen inguruko berririk.
«Protokoloen zain gira, eta ahal bezain fite ukaitea espero dugu, zeren bete beharreko neurrien berri berant ematen badute guretzat gauza batzuek antolatzea ezinezkoa izango da», nabarmendu du haurrentzako euskarazko egonaldiak antolatzen dituen Uda Leku elkarteko ordezkariak.
Horrez gain, udalekuetako antolatzaileak beldur dira ezarriko dituzten baldintzek egonaldiak ezinezko bilakatuko ote dituzten. Lahetjuzanen hitzetan, «gure helburua da haurrek momentu gozo bat izatea eta etxetik kanpo, besteekin gauzak partekatuz, taldean bizitzen ikastea, beraz, ezarritako neurriek esaten badute ezin dutela elkarrekin egon edo ezartzen dituzten neurriak helburu hori betetzeko oztopo handiegiak badira, agian ezingo ditugu aurtengo udalekuak antolatu, baina oraingoz ez dakigu deus, ez baitugu neurri berrien berririk».
Aldiz, urtean zehar Baiona, Biarritz, Uztaritze eta Hendaian asteazkenetan irekitzen dituzten bilguneak pixkanaka zabaltzeko itxaropena badute. Biarritz izango da lehena, datorren ekainaren 3an irekiko ditu berriz ateak, konfinamendua hasi zenetik itxita egon ostean. Bilguneek maiatzaren 18tik aitzina irekitzeko baimena zuten, baina lokalak udalenak direnez, haien baimenak itxaroten ditu Uda Leku elkarteak berriz ere martxan jartzeko.
Ohikoa baino haur gutxiago
Udako haurren egonaldiak burutzeko baldintzak betetzen badira ere, ohikoa baino haur gutxiago espero dituzte zaintzaile eta animatzaileek. Uda Leku elkarteak, esaterako, uztailean antolatzen dituen 11 egonaldietan 270 haurrek hartzen dute parte, baina osasun krisiaren eraginez ohikoa baino haur gutxiago espero dituzte.
Aurten haur gutxiago izango direla pentsatzeko arrazoietako bat zera da, jada bilguneetako izen ematea ohikoa baino apalgoa izaten ari dela. «Usaian asteazkenetan 30 haur izaten dira bilguneetan, baina gurasoekin hitz egin ostean, 15 eta 20 haur bitartean izango ditugula uste dugu, eta gainera, usaian zentro bakoitzean lau animatzaile izaten diren arren, neurrien arabera, agian aurrerantzean gehiago beharko ditugu», argitu du Uda Lekuko bozeramaileak.
Euskara oztopo
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastola eta eskola elebidunetan ikasten duten 6 eta 15 urte arteko haurrek oporretan euskaraz aritzeko eta aktibitate ainitzetan parte hartzeko aukera eskaintzen du Uda Leku elkarteak, baina eskaintza euskaraz egiteak haur kopurua mugatzen duen heinean zailtasunak ere sortzen dituela azpimarratu du Lahetjuzanek: «Eskola desberdinetako haurrak ez gurutzatzea eskatzen digute, baina guretzat hori ezinezkoa da, ezin dugu egin egonaldi bat Baionako haurrentzat, beste bat Maulekoentzat eta beste bat Hendaiakoentzat».
Ondorioz, igandetik ostiralera irauten duten egonaldietan herri txiki eta handietako haurrak batzen dituzte 24 laguneko taldeetan eta soilik adinaren arabera sailkatzen dituzte, hau da, gehienez bi edo hiru urteko adin desberdintasuna izaten dute taldean diren haurrek.