NAIZ

Gladys del Estali omenaldia

Larunbat honetan egin dute Eguzkik eta Gladys Gogoanek urtero antolatzen duten ekitaldia. Aurtengoa 41. urteurrena izan da.

Gladis Enean egin dute omenaldia.
Gladis Enean egin dute omenaldia.

Gladys del Estali omendu dute gaur goizean bere izena daukan Donostiako Gladis Enean. Antolatzaileek osasun-krisiaren ondorioz omenaldian hainbat aldaketa egin behar izan dituzten arren, ez dira falta izan aurreskua, lore-eskaintza eta kantak.

Gaur egungo egoerari buruzko ohiko irakurketa ere egin dute eta nabarmendu dutenez, «Gladys ez dugu gutako bat izan zelako bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat».

Gaineratu dutenez, «osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra. Aldaketa hori egin ezean, ‘normaltasun berria’ normaltasun zaharra baino ez da izango. Hori bai, maskararekin. Eta maskara horren atzean, krisi ekologikoa zorroztuko da, prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko dira, herritarrak ahulagoak eta beldurtuagoak sentituko gara, eta, jakina, sentimentu horien aitzakipean, askatasuna murriztuko da, segurtasunaren edo, hobeto esan, sekurokraziaren hobe beharrez».

Ildo horretan, gogor kritikatu dute «pandemia aurreko normaltasun anormala lehenbailehen berreskuratzeko lasterketa zoroan gaudela ematen du» eta mugimendu ekologistatik aktibo izatera deitu dute.

Antolatzaileek Zaldibarreko zabortegian gertatutakoa ere espresuki aipatu dute.