Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, astelehenean Mendigorriko guraso talde batek euren seme-alabak herriko ikastetxean D eredura aurre-matrikula egitera joan zirenean, «aukera hori ez zegoela berretsi ahal izan zuten».
Azaldu dutenez, 2015. urtetik ari dira Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde bat D ereduaren zabaltzea eskatzen, eta oraindik ez zaie aukera hori eman.
Urte hauetan, batzuek haurrak Garesera eraman behar izan dituzte egunero D ereduan ikasi zezaten, eta horrek familientzat eta haurrentzat karga handia dakarrela gogoratu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: «Errepide arriskuak, beraien eremu sozialetik ateratzea, denbora eta kontziliazio arazoak… eta besteek, beste eredu batzuetan matrikulatu behar zan dituzte, beraien alaba eta semeentzat nahi zuten eredutik at. Beraz, beraien haurrak euskaraz ikastea nahi duten familiak aukera horri muzin egitera behartzen ditu Nafarroako Gobernuak».
Gainera, Nafarroako Gobernuak «azalpenik eman gabe» jarraitzen duela salatu dute gurasoek eta Gaubekak. Horregatik, gorako errekurtsoa aurkeztea erabaki dute, eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari bilera ere eskatzeko asmoa du Behatokiak. Hiru hilabeteko epea du orain administrazioak erantzun bat emateko. Erantzunik ezean, epaitegietara jotzea aztertzen ari dira. Dena den, aurretik Nafarroako Gobernuaren «erantzuna jasotzea» espero dute.