Hezkuntzako bost sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) ohar bateratu baten bidez azaldu dutenez, ikasturte hasiera sindikatuokin «negoziatu eta adosteko ezezko jarreraren aurrean», pasa den astean bilera baterako deialdia luzatu zioten Cristina Uriarte buru duen sailari.
Baina sindikatuek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez zion eskaerari erantzun, ez zuen beste bilera datarik zehaztu eta ez da gaurko sindikatuek deitutako bilerara agertu.
Itzulera plan orokorra langileen ordezkariekin partekatu, negoziatu eta adostea «ekidin» nahi duela salatu dute hezkuntzako sindikatuek, eta hau jarrera «ulergaitza eta onartezina» dela diote, «bereziki kontuan izanda Hezkuntzako patronalekin jada bildu dela».
Hezkuntza Sailak hartutako jarrerak «asko kezkatzen» dituela adierazi dute sindikatuek, «gauden datetan egonik, itzulera plana negoziatzeko langileon ordezkariokin bildu nahi ez izatea, ikasturte hasierari begirako planifikazio eta aurreikuspen falta berri baten adierazle izan daitekeelako».
«Bereziki larria izango litzateke, pandemia egoerak agerian utzi dituen gure hezkuntza sistemak arrastatzen dituen behar estrukturalak aintzat hartu gabe, zein osasun krisiak orohar eta konfinamendu egoerak bereziki, sortu dituen hezkuntza behar gehigarriak, ikasleen arteko arrakala handitzeak, errefortzu beharrak, eta egoera bereziak kontuan izan gabeko ikasturte hasiera bat planteatzea», azaldu dute sindikatuek.
Horrez gain, udazkenean etor litekeen koronabirusaren balizko suspertze baten aurrean, «pandemiaren lehenengo fase honetatik ondoriorik atera ez bagenu bezala aritzea edota ondorio horien baitako plangintzak eta aurreikuspenak aurrez ez lantzea eta prestatzea» kritikatu dute.
Plangintza adostua
Hala, datorren ikasturtera begira aurreikusi daitezkeen eszenatoki desberdinen aurrean «ezinbestekotzat» jo dute Lakuak hezkuntza sistema osorako plangintza eta irizpide orokor batzuk «landuta eta aurreikusita izatea». Era berean, langileen ordezkariekin «partekatu, negoziatu eta adostutako plangintza eta irizpideak izatea» funtsezkoa dela diote.
Hori dela eta, sindikatuek «ikasturte hasierako plan orokor horrek jarraitu beharko lituzken ildoak» jasotzen dituen dokumentu bat erregistratu dute gaur, Hezkuntza Sailari zuzenduta.
Azaldu dutenez, bertan, 2020/2021 ikasturte hasierara begira, «ohiko ikasturte bat izango deneko ideia alboratu eta eman daitezkeen eszenatoki errealista desberdinen aurrean aurreikuspenak zein plangintza orokorrak eta eszenatoki bakoitzera begirako baliabide, segurtasun neurri zein baldintzak, langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostea» galdegin diote.