oihane larretxea
DONOSTIA

Bidaiatu nahi zuen arbola

Bilobak lokartu behar zituen eta hauek ipuin bat eskatu zioten lehenago aitonari. Hortik sortu du Andu Lertxundik bere azken nobela, ‘Haltzaren muinoa’. Gazteei zuzendutako eleberria da, eta bidaiatu nahi duen zuhaitzaren istorioa aitzakia da beste hainbat gauzetaz aritzeko. Haltzak itsasoa ikusi nahi du.

Anjel Lertxundik gazteentzat nobela idatzi du, ‘Haltzaren muinoa’. (Gorka RUBIO I FOKU)
Anjel Lertxundik gazteentzat nobela idatzi du, ‘Haltzaren muinoa’. (Gorka RUBIO I FOKU)

Egoera pertsonal ilun bat jazo zen Andu Lertxundiren familian eta egun batzuk Jakara joan behar izan zuten. Han, bilobekin gela konpartitzea egokitu zitzaion eta, jakina, lo egin aurretik aitonak ipuina kontatzea nahi zuten. Anjel Lertxundik ez zuen horretarako ez gogorik ez animorik, baina irudimenari eman eta hasi zen…

Zuhaitz bat zen protagonista, eta sustraiak lurrean ondo errotuta dituela, ezin mugitu dabil. Hori baita izaki bizidun honen patua. Arbolak ordea mundua deskubritu nahi du, itsasoa ikusi nahi du eta bere albotik jendearen ahotan entzuten dituenak ezagutu. Jakan, gela hartan bilobak lokartzeko bere ahoan jaio zen istorioa nobela bilakatu da orain, ‘Haltzaren muinoa’ eta Elkar argitaletxearen eskutik ostegun honetan aurkeztu dute.

«Hasi nintekeen ipuin zailenarekin hasi nintzen –kontatu du idazleak, gau hartaz–. Arbola baten ideiarekin ekin nion, arbolak beti geldirik daudela eta, edade handienetakoa hartzen duten izakiak izan arren ezin dutela mugitu inondik ere. Bidaiatu nahi lukeen arbola irudikatu nuen». Hasiera ona izan zen, intentsoa, eta inportanteena, biloben arreta bereganatu zuen. Hainbeste, ezin zituela lokartu. «Eutsi egin behar nion abiatu nuen istorioari, ez zen erreza, baina halako batean neu hasi nintzen kontatzen ari nintzenarekin pozik sentitzen berez aldrebes xamar zetorren ipuinarekin».

Ipuinak bazuen magia, horregatik, etxera bueltatu bezain pronto, ahoz kontatutakoak jaso eta apunteak hartzeari ekin zion Lertxundik. Haltza irudikatu zuen orduan. Bere hitzetan, «bidaia» da hitz klabea. Zera gertatzen da, bidaiatzeko ametsa ez dela pertsona edo animalia batena, baizik geldirik egotea egokitu zaion arbolarena. «Hori da muina», erantsi du.

Haltza, ordea, eremu heze eta urtsuetan bizi den arbola, izaki tematia da, errenditzen ez den horietakoa, eta egoerei aurre egiten die. «Bizipoza» da nobelaren beste elementu inportantea. Norberaren «bizipoza existentzialaz aparte», beste hiru bizipoz nahi izan ditu landu egileak. Lehena, «kontakizunarena». «Modurik klasikoenean ulertua eta mekanismo klasikoenekin eragindako kontakizun bat da nire ustez hemen dagoena», azaldu du. Bigarrena, «kontakizun horretan tragediari ekiteko zuhaitzak duen modu proaktiboa, optimista. Zailtasunen aurrean ez etsitzeko formula bat planteatzen du. Eta gure arbolak daukan gogoarekin itsasoa ezagutzeko ahalegin guztiak egingo ditu betiere lortu nahi duen hori burutzeko», zehaztu du. Eta azkena, «hizkeraren beraren bizipoza». Euskara hizkuntzaz ari da. «Ez naiz ni bizipoza ematen diona euskarari, baizik euskarak niri, euskarak badu bizipoz hori eta hortik tiraka jardun beharra nuen», esan du.

Egitura, ibaiaren erritmoan

Bizitza lasaia da haltza bizi den muinoan… egun batean, uholde izugarri batek errotik zuhaitza aterako duen arte, eta ibaian behera eraman. Urak, bere herioan, beste hainbat gauzaki eta izaki daramatza, eta haltzak, larriturik eta izuturik, horren guztiaren berri ematen digu, itsasora bidean doazela. Idazlearen iritziz, «ez ohiko abentura liburu bat da, elementu guztiekin. Bidaia baten istorio horretan zatika, oso zati txikitan, hainbat esperientzia berri izango ditu, zeren bizi eta ikusten dituenak ez ditu sekula ikusi, ez daki zer den txalupa bat, herri bat…». Hasierako arbolak amaierako arbolarekin ez du zerikusirik, esperientziei esker bilakatutakoa baita. Tartean hitz egingo digu Anduk esfortzuaren balioaz, zerbait benetan desiratzeren indarraz, elkartasunaz, fribolitateaz, uholdeek ekarritako hondamendien kontura gertatu ohi diren egoerez… osagai asko ditu eta, eraikia dagoen moduagatik, «helduentzat berdin berdin funtzionatu dezakeen» nobelatzat du Lertxundik.

Liburua sortu bazen kasualitatez logela hartan, idazketa prozesuan argi izan zuen egitura: izan behar zuela atal laburrez osatua. Atal guztiek orri bakarra baino ez dute. Eta horrek ere eman dio buruko min bat edo beste, kapitulu bakoitza neurri berberaz egitea ez baita erreza izan. Beti bezala, badu azalpena: «Atal bakoitzak bere batasuna» izateaz gainera, «erritmoa ematen dio liburuari, zati bakoitza abenturaren pasarte bat» delako. «Ikusi nuen ez zela batere txarra egitura horrek belozidade bat daramalako eta belozidade hori da ibaiarena. Arbola ez da gauza berez ibiltzeko eta ibaia da daramana. Nago egitura horrek irakurlea eramango duelakoan bukaeraraino», adierazi du aurkezpenean.

Antton Olariagak ilustratua, beste erronka zen begirik eta ahorik gabe, alegia, gizakion ezaugarri eta gaitasun komunikatiborik gabe, arbolak komunikatu eta espresatu ahal izatea, bere sentimenduak, bere pentsamenduak. Bai, arbolak ere mina sentitzen duelako. Eta poza. Bizipoza. «Liburuan konplikazio teknikoak aurkitu nituen. Komiki batean dena da zilegi, edo marrazki bizidunetan. Jartzen dizkiozu begiak eta ahoa eta hizketan jartzen da, baina hemen ez nuen hori egin nahi. Arbolan bertan bilatu nahi nituen baliabideak. Arbola pozten denean hostoak mugitzen hasten dira eta zirrara egiten dute. Horrelako hainbat zirkunstantzia egiten ditut, irakurlea iristen den arte arbolak pentsatzen dituen horietara».

«Baliabide literario batzuk erabiliz eta guztia ahalik eta sinesgarriena eginez», irakurlea konturatuko da mutiko koxkor batek labanaz haltzaren enborrean-azalean markatzen dion bihotzak min egin diola. «Erretxina ateratzen zaio eta bera ere erretxindu egiten da», aurreratu du. Kontua zera da: zuhaitzek eta animaliek hitz egiten digutela, beren modura. Gu garela entzuten ez dakigunak.