Emozioen arteko eztabaida eskaini du Huntza taldeak
Pop musikaren eta herri musikaren arteko konexio perfektuaren erreferente bihurtu den Huntza taldeak emozioen arteko eztabaida eskaini du ostiral honetan NAIZ Kontzertuen laugarren emanaldian. Kutsu intimoa bizi izan da Plateruena Kafe Antzokian, baina jai giroa eta plaza usaina ere 3.600 pantailatara eraman du.
NAIZ Kontzertuak laugarren emanaldira heldu dira gaur. Gatibu, Nøgen eta Zetak-en ostean, Huntzaren garaia heldu da. Bilbon sortutako talde gipuzkoarrak gure plazen doinuak interneten bidez zabaldu ditu eta 3.600 pantailatara eraman ditu. Errekor berria pop musika eta musika herrikoia nahasten duen talde gazte honentzat.
Kontzertuari hasiera bizia eman dio seikoteak. Intro emozionala eta guzti, plaza usaina gure pantailetara heldu da ‘Iñundik Iñoare’ abestiarekin batera. Orain duela bi asteko irudia gutxi gorabehera errepikatu da Plateruena Kafe Antzokiko oholtzan.
Taldea borobilean, publikoa inguruan eta orokorrean kutsu intimoa bizi izan dugu baina, nolabait, Huntza, bere baitan, poztasunari kanta bat da eta gaur gauean ez da gelditzeko denborarik egon.
‘Ipuinetan’ eta ‘Gaztetxean Bizirik’ abestiek itxi dute kontzertuaren aurkezpena.
‘Promesetan’ kantak publikoaren dantzarako gogoa piztu du baina jarraian kontzertuaren alde intimoena jorratu dute ‘Ilusioz bete’ eta ‘Imajina’ abestiekin. Bibolinak protagonismo berezia hartu du momentu horietan eta Josune eta Uxueren ahots belusatuek erronkari ongi erantzun diote.
‘Harro gaude’ kanta oholtza gainera igo ziren lehenengo emakumeei eskaintzeaz aparte, musika munduan krisialdi honetan gehien sufritzen ari diren langileei eskaini diote.
Maskarengatik galdetu eta gero jai giroa bueltatu da Plateruenako agertokira ‘Kalabazak’ abestiarekin. Baina kontzertua emozioen arteko eztabaida bat izan da gaurkoan eta poztasunetik malenkoniara pasatu gara berriro ‘Olatu 1’ baladarekin. Antzerako bidetik jarraitu du ‘Parent(h)esiak’: momentu goxoa, geldoa eta hunkigarria.
Mail pentsaezina
Gaur egun, gure eszenan, Huntza pop musikaren eta herri musikaren arteko konexio perfektuaren erreferente garrantzitsua da. Euskal Herriko plazak eta jaiak bezalako leku idiliko batetik abiatuta, Huntzak herri musikari partida irabazi dio, duela bost urte euskal talde batentzat pentsaezinak ziren mailak lortu arte.
Youtube plataformaren barruan Huntzaren zortzi abesti erreproduzituenak 24 miloi bisitatik gorako kopuruan mugitzen dira. Berri Txarrak, Gatibu eta Zetak-ek plataforma berean dituzten erreprodukzioak kontutan izanda, erdia zenbatzera baino ez ginateke iritsiko. Euskal Herriko biztanleria 3.142.982 lagunekoa izanda, Euskal Herriko biztanle bakoitzak Huntzaren abesti bat 8 aldiz entzun behar zuen 24 milioi erreprodukzio lortzeko. Benetako erokeria.
‘Aldapan Gora’, gipuzkoarren arrakastarik nagusienak eta Youtuben 11 milioi bider entzun den kantak, kontzertu amaierako azkenengo abesti sortari hasiera eman dio. ‘Elurretan’, Mafalda eta Tremenda Jauriarekin sinatutako ‘Zer Izan’ eta ‘Buruz Behera’ jaiarekin jarraitu dute.
Dantzarako espazioa amaierarako gorde dute Huntzakoek eta agurra eman eta gero ‘Lasai-lasai’ eta ‘Deabruak Gara’ jo dituzte NAIZ Kontzertuak ekimenaren laugarren emanaldiari amaiera emanez.
Ilusioz pasa ziren Euskal Herriko plazetara eta ezohiko profesionaltasunez hasi eta hezi ziren plazetan Huntzako musikari gazteak. Gaur, 3.600 pertsonatik gorako publiko potentzial baten aurrean, beraien arrakasta nondik datorren erakutsi dute: Kanta biziak, erritmo dantzagarriak eta poparen eta musika herrikoiaren arteko nahasketa orekatua.
Hurrengoa, En Tol Sarmiento
Hurrengo astean NAIZ Kontzertuak ekimenak bosgarren kapitulua biziko du: En Tol Sarmientoren agro-ska-punk-poparen txanda izango da.