Txomin Peillenek berak adierazi duenez, eleberriaren abiapuntua xumea da, oso ezaguna: «Emakume sortzea zoritxar bat da herri askotan, munduko herri gehienetan. Besteak beste, aipatu behar da minutuero dagoela munduan emakume bat bortxatua dena. Liburuaren abiapuntuan dagoena zera da: aita batek bortxatzen duela 11 urteko neska bat, sei urtez bere ohekide, bere puta bihurtuz. Baina nik batez ere orrialde hauetara ekarri nahi nuena, hots liburuaren gai nagusia, da zer gertatuko zaion neska horri, nola garatuko den pertsona bezala, nola kokatuko den munduan, nola, adibidez, onartuko dituen gizonak…».
Bere hamargarren eleberria du ‘Minotauro’, eta literaturara gutxitan iristen diren bi gai jorratzen ditu oraingo honetan: pedofilia eta intzestua. Ele zahar kutsuko historia bat harilkatu du, XVI. mendeko Euskal Herrian gertatutako intzestu baten inguruan. «Kontu zahar hori, baina, oraingo garaietara ekarri du Peillenek, fikziozko toki eta pertsonen izenekin. Irakurleak, horrenbestez, nerabezaroren atarian dagoen neskatila baten bortxaketaren berri izango du, eta ezagutuko du neskatilak, bizipen lazgarri horren ondoren, bere nortasuna berreraikitzeko egin beharko duen bide zaila», azaldu dute Alberdania argitaletxeko arduradunek.
Laura Mintegi idazleak eleberriaren hitzaurrean azaldu duenez, kritika sozial bikoitza adierazten du Peillenen eleberri honek, «argi adierazten baitu, emakumeek (eta are gutxiago neskek) ez dutela inolako babes instituzionalik (…) Babesgabetasuna erabatekoa da nobela garatzen den lurraldean (Hego Amerika), baina edozein lurraldetan mintza daiteke babes ezaz. Ez dago alde handirik iparralde, hegoalde, mendebalde edo ekialdean».
Ezinbestez entzungo dugu ‘Haur besoetakoa’ (1970) eleberriaren nolabaiteko oihartzunik, Mintegik berak hitzaurrean aipatu duenez, «batez ere nobela haren egilea, Jon Mirande, eta Txomin Peillen adiskideak zirela jakinda».
«Eleberri morala eraiki du, oraingo honetan, Txomin Peillenek, eta erasoaren ondoren bere burua berreraiki eta bere burua munduan kokatu beharko duen emakumearen ikuspegitik dihardu, gizonezko batentzat erosoak izaten ez diren lehengaiak erabiliz historia hau josterakoan –adierazi dute Alberdaniatik–. Era berean, protagonistaren bi emakumeren adiskidetasunak betetzen duen lehentasunezko eginkizuna azaltzen digu egileak historian zehar, irakurleari sororitatearen oihartzunez ehundutako harremanak erakutsiz».
Alberdaniak argitaletxeak uztailaren 15aren 00.00etatik 24.00etara, ‘Minotauro’ liburua formatu elektronikoan erdi-prezioan (5,25 eurotan, alegia) eskuratu ahal izango du hala nahi duenak argitaletxearen webgunean (www.alberdania.net). «Egoera zail honetan liburuaren eta irakurketaren aldeko apustu bereziari eutsiko diogu», gaineratu dute.