Hiriburuko Baste Quieta ikastetxeko ama-eskolan heldu den ikasturtean «%100 euskaraz» esperimentazio egitasmoa plantan emateko egitasmoa atzera bota du Bordeleko Akademiak.
Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak ez du onartu eskolako eragileen zein Hiriburuko Herriko Etxearen sostengua duen proiektu berria plantan ezartzea.
Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Ministerioaren agindupean dagoen erakundeak murgiltze eredua hezkuntza publikora («eskola frantsesa») zabaltzeko esperimentazio ekimenak ontzat eman zituen direla urte batzuk.
Horretarako, hainbat baldintza ezarri zituen. Hala, gurasoek behar dute eskaera hori aktiboki sostengatu. Herriko Etxearen babesa eskuratzea beste irizpide inportantea bada.
Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) bultzaturiko lan-eskema hori aurrera eramatea, ordea, Hezkuntza Nazionalaren esku da. Hor dago koxka nagusia.
Are, murgiltze eredua garatzearen alde lan egiten duten hezkuntza alorreko elkarteek eta tokiko erakundeek behin baino gehiagotan esperimentazio egitasmoak martxan jartzeko orduan atzematen dituzten oztopoak agerian utzi dituzte.
Murgiltze eredua soilik ez, hezkuntza alorrean azken urteotan Parisek agindu dituen murrizketek sare elebiduna bera garatzeko bidean traba handiak eragin dituztela salatu du, hala nola, eskola publikoaren eragileak bere baitan hartzen dituen Ikas Bi elkarteak.
Frantses hizkuntzak du lehentasuna
Gaur arratsaldean EEPk Baionan duen egoitzan deituriko prentsaurrekoan erakundeko buru den Beñat Arrabit izan da, bere ondoan, besteak beste, Hiriburuko auzapeza, Alain Iriart, zuela.
Biak ala biak euskarazko hezkuntza garatzeko Bordeleko Akademiak ezarritako oztopo berria dela-eta kexu azaldu dira eta Baste Quieta ikastetxean bultzaturiko egitasmoari ezarritako traba altxatzea galdegin dute.
EEP osatzen duten erakundek -Eskualdea eta Departamendua ordezkatuz Mathie Berge egta Benedicte Luberriaga izan dira hurrenez hurren gaurko agerraldian - gutuna igorri diote frantziar Hezkuntza ministroari, Jean Michel Blanquerri, berarekin bilera eskatuz. Erantzunaren zain daude.
Heldu den ostiralean Euskal Elkargoko biltzarra bilduko denez, asanblea horretan mozioa aurkezteko asmoa azaldu dute gaurko agerraldian.
2008az geroztik eskola publikoan euskararen irakaskuntzan garatzeko indarrean dagoen esperimentazio programa arriskuan jar dezake erabakia oso larritzat jo dute EEPko ordezkariek.
3 urtetik goiti irakaskuntza derrigorrezkoa bilatakatu zuen legea onartu zen iaz frantses Estatuan. Lege horrek jasotzen duenez «derrigorrezko hezkuntzan» Errepublikako hizkuntza, hots frantsesa, behar da bermatu. Arau horri heldu dio oraingoan Bordeleko errektoreak Hiriburuko egitasmoa ez baimentzeko. Zalantza da ea erabaki puntuala izanen den edo murgiltze ereduaren eraso zabalago baten lehen urratsa.