Naiz

Euskal liburugintzako bost elkartek sektorearen aldeko dokumentu bateratu bat sortu dute

Interes desberdinak dituzten arren, komunean dituzten horiek defendatzeko batu dira bost elkarteak. Intentzioa euskal kulturaren eta euskal liburugintzaren aldeko plan zehatz bat proposatzea da, eta bestelako elkarteekin batera lanean aritzea. Instituzioei euren iritzi eta beharrak entzutea eskatu diete.

 Bat egin duten bost elkarteen ordezkariak izan dira gaur Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bat egin duten bost elkarteen ordezkariak izan dira gaur Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Euskal liburugintzako arlo desberdinetako bost elkartek bat egin dute sektorea defendatzeko proposamen bateratua egitean. Euskal Idazleen Elkartea, Eizie (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea), Editargi (Nafarroako Editore Independienteen Elkartea), Euskal Editoreen Elkartea eta Galtzagorri Elkartea (Euskalrazko Haur eta Gazte Literatura Elkartea) izan dira dokumentua sinatu dutenak, baina beste elkarteen harremanetan jartzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute gaur goizeko agerraldian. Batura honen garrantzia azpimarratu nahi izan dute guztiak liburugintzan aritzen diren arren, interes desberdinak dituztelako eta, hala ere, komunean dituzten horien alde egin nahi dutelako. Izan ere, ikusi dute «bakoitza bere aldetik ez doala inora».

Orain arte instituzioek euskal kulturari babesa emateko abian jarri dituzten laguntzak eskertu dituzten arren, «aski ez» direla esan dute. Hala, beste sektore batzuekin egin duten bezala –industria, esaterako–, kultura ere erdigunean jartzea eskatu dute, eta ez honi «apurrak» ematea.

«Kulturak erdigunean egon beharko luke, euskaratik egina batez ere, euskarak egiten gaituelako garena. Izurrite honek lehendik bazetorrena lehertu egin du», azpimarratu dute. «Kultura ez da luxu bat; ez da beste zereginik ez dugunean egiten duguna. Kultura inoiz ez da industriaren mailan kokatu, ez dute ikusten balio handiko ondasuna dela. Nazioa, mundua, ezinezkoa litzateke kulturarik gabe. Euskal kultura galtzen badugu, galtzen dugun hori ez dugu berreskuratuko», salatu dute.

Era berean, «euskararen normalizaziorako izan dugun tresna hau heriotzatik gertu» dagoela ohartu dute. Hori dela eta, laguntza bat baino gehiago eskatzen dute, etorkizunerako inbertsio plan bat. «Orain arte egindako eskaera batzuk bete dira, beste batzuk ez. Garbi gelditu da laguntzak hauskorrak direla. Beste sektore batzuk larrialdian dauden bezala, kultura ere bai», azpimarratu dute.

Liburugintzara mugatuz, esan dute idazleen presentzia bermatzea garrantzitsua dela. Horiei esker euskarara beste kulturak ekarri ahal izatea txalotzen dute, baina alderantziz ere, euskal kultura kanpora ateratzea, gehiagotan ematea gustatuko litzaieke. Liburu dendei dagokionez, saltzaileen formakuntza proposatzen dute kontsumitzaileei gomendioak emateko gai izan daitezen, eta liburutegiei begira jarriz, eskolakoak aipatu dituzte, desagertzen ari omen direlako. «Zein formazio emango diegu haurrei liburutegirik ez badute eskolan?», galdetu dute.

Hala, inbertsioak urtean behin baino, «plurianualak» izatea proposatzen dute, alegia, proiektu zehatzak bultzatzera bideratuak izatea. Bestalde, elkartu diren elkarteek esan dute prest daudela EAEko, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko instituzioekin hitz egiteko euren iritzi eta ekarpenak emateko. «Eskatzen dugiuna da gu entzutea eta kontutan hartzea», adierazi dute.

Bestalde, aurkeztu duten dokumentuak, eta instituzio eta politikariei helaraziko dutenak, proposamen orokorrak biltzen dituen arren, «euskararen ekosistema txikia baina oso anitza» izanik, ideiak moldatu eta egokitzea posible dela argitu dute.

Neurri zehatzak

Proposatutako dokumentuko neurrietako batzuk dira sortzaileek krisiak eragin dien %100a ordaintzea; beka gehiago ematea; sortzaileei estatus berezi bat aitortzea liburuen inguruko jardunak antolatzea erraztuz; horiei abantaila fiskalak ematea; hezkuntzan dauden programa literarioei jarraipena ematea; liburutegi, mediateka, kultur etxe eta elkarteen ekimenez antolatzen diren jardun literarioei bultzada bat ematea krisialdi honetan eten ez eta, telematikoki besterik ez bada mantentzea; eta antolatu ostean bertan behera gelditu diren jardunaldiak konpentsatzea.

Sortzaileez aparte, liburuaren katea osatzen duten enpresa eta autonomoentzat neurri zehatzak ere proposatu dituzte: kreditu lerroak irekitzea; liburua «lehentasunezko» produktu bezala onartzea; liburuen zergak murriztea; argitaratzeko laguntzak igotzea; hezkuntza liburuak sortzeko laguntzen funtsak handitzea; liburu bono kanpainak bultzatzea sasoi desberdinetan; liburutegietarako liburuen erosketak arintzea eta bultzatzea; familiek behar dituzten liburuak erosteko laguntzak ematea; testuliburuak erosi behar dituzten familien zergak arintzea; eta ikarkurketa bultzatzeko eta sektoreari prestigioa emateko kanpainak egitea.