Gobernu ordezkaritzak Angeluko Herriko Etxeak hondartza inguruan antolatuta zeuzkan emanaldiak debekatu ditu. Udan zehar eskaini ohi den herri kirol emanaldiak, euskal kulturari loturiko ikuskizunak eta zinema aire zabalean dira debekua jaso dutenak.
Aurretik Hondartza Musikalak, Sunset Electro eta mutxiko dantza emanaldiak ezeztatu zituen, covid-19aren eraginez. Debeku berri honekin, astelehenero egiten zen Moncine zinema emanaldia, uztailaren 28an eta abuztuaren 18an egin behar ziren euskal kulturari loturiko ikuskizunak eta abuztuaren 4ko herri kirolak dira bertan behera utziak.
Koherentziaren irizpidea aipatuz, Herriko Etxeak haurrentzako prestatua zuen uda programazioa ezeztatzea erabaki du. Ostegunetan magiaren inguruko gaualdiak antolatuak ziren.
Angeluko Herriko Etxeari igorritako gutunean, Gobernu ordezkaritzak emanaldi hauek uztailaren 10ean ezarritako segurtasun neurriak bermatzea ez dutela ahalbidetzen iritzi duela adierazi du.
Merkatuak bai
Gaueko merkatuak aldiz mantendu egingo dira. Segurtasun neurriak bermatu ahal izateko, normalean egin ohi diren Maitasun Ganbara ingurutik Quitauko zabalgunera eramanak izan ziren uda hastapenetik.