Idoia ERASO

Covid-19rik gabeko turismoaren bila Lapurdin

Covid-19ak izan duen eta izaten ari den eraginaren arabera, koloreka sailkatu dira Estatu frantseseko eskualdeak. Ipar Euskal Herria pandemiaren hasieratik zonalde berdea izan da, baina toki turistikoa izanik jendearen mugimenduak dakarren arriskuari aurre egiteko neurriak hartzen ari dira azken egunotan. Maskararen erabilera beharrezkoa da kostaldeko zenbait toki turistikotan, hondartza batzuk gauean ixten dituzte eta doako frogak egiten ari dira kalean.

Biarritzeko Hondartza Handian turista anitz ibiltzen dira. (Guillaume FAUVEAU)
Biarritzeko Hondartza Handian turista anitz ibiltzen dira. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak, eta bereziki Lapurdiko kostaldea, toki turistikoak dira, eta orain goi-denboraldi betean egonik milaka pertsona dabiltza karriketan, hondartzetan eta terrazetan. Turismoa bi ahoko arma izan daiteke, defendatzeko eta zigortzeko balio izan dezakeena, ekonomia lagundu, eta aldi berean kontagioaren arriskua hedatzeko bidea ere baita. Beste toki askotan bezala, Ipar Euskal Herrian, egoera berezi horrekin ari dira lehiatzen, eta azken egunotan neurriak indartzen ari dira, bereziki maskararen erabilera zenbait toki irekietan derrigortuz, eta gune turistikoetan doako frogak eginez.

Nazioarteko turisten eskasia, Estatu frantseseko bisitariekin ari da betetzen, eta toki askotan, joan den urteko datuekin parekatu daitezke aurtengoak. Hego Euskal Herriko bisitariak ere, ez dira gutxi, bereziki Lapurdi hegoaldean. Zonalde ‘gorrietatik’ heldutako pertsonek, egungo testuinguru ‘berdean’ izan dezaken eragina gelditzen saiatzen ari dira Herriko Etxeak, Prefektura eta Akitania Eskualdeko Osasun Agentzia.

Gobernu frantsesak uztailaren 20tik goiti, gune publiko itxi guztietan maskara beharrezkoa bilakatzea lagungarri izan zen, covid-19ak gutxi kaltetutako zonaldean, musukoaren beharra ikusi gabe ere, bere erabilera ugaritzeko. Baina ordutik, neurri gehiago eta zorrotzagoak hartzen ari dira bertako erakundeak.

Musukoa

Hego Euskal Herrian musukoa kalean eramatea beharrezkoa bada, Bidasoaren iparraldean, toki itxietan soilik zen beharrezkoa. Segurtasun neurriak betetzen ez zirela ikusirik, Lapurdi kostaldeko Herriko Etxeek Prefeturarekin negoziaketak abiatu zituzten joan den astean, musukoaren erabilera arautzeko. Bitartean, Udalek beraien herrietako gune batzuetan maskara beharrezkoa izateko erabakiak hartzen joan ziren. Angeluk bere merkatuetan derrigortzat jo zuen uztailaren 31an, Biarritzen hondartza inguruan abuztuaren 3tik, eta Baiona ere joan zitzaion atzetik.

Azkenean, abuztuaren 4an, prefetak kostaldeko bost herritako erdiguneetan musukoa derrigortzen zuen ordenantza ezagutzera eman zuen. Horrela, asteazkenetik Biarritz, Donibane Lohizune, Ziburu, Angelu eta Baionako gune jakin batzuetan, maskararik gabe ibiltzeak 38 eta 135 euroko isuna jasotzea ekar dezake.

Arrisku zonaldeetan bestelako neurriak ere hartu dituzte Herriko Etxeek, adibidez, Biarritz eta Angeluko hondartzak gaueko 22.00etatik goizeko 6.00etara hetsiak dira, asteartetik goiti. Chronoplus autobus sareak, hondartzetara joateko eskaintzen zuen gaueko zerbitzua ere, bertan behera utzi du abuztuaren 30era arte.

Frogak kalean dohainik

Duela aste eta erdi hasi ziren covid-19a detektatzeko doako frogak egiten Lapurdi kostaldean. Lehena Biarritzeko aireportuan izan zen uztailaren 24an, baina kokagunearen ondorioz, publikoa oso mugatua izan zen. Geroztik, kalean eta toki turistikoen ondoan ezartzen diren karpa batzuetan hasi dira testak egiten, eta ‘arrakasta’ handia izan da.

Donibane Lohizunen, uztailaren 27an Hondartza Handiaren ondoan 250 azterketa egin ziren, eta frogak egiteko ilara luzeak itxaron behar izan ziren. Ziburun, Biarritzen eta Angelun, egin izan dira azken egunotan ere, eta ostegun honetan, abuztuaren 6an, Hendaian, Biarritzen eta Bidarten egingo dituzte. Azken herri honetan, ostegunero egingo dira abuztu guztian zehar, eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak hitzordu gehiago izango direla jakinarazi du.  

Akitania Eskualdeko Osasun Agentziak kudeatutako azterketa guneak dira, Herriko Etxeekin eta laborategiekin elkarlanean, eta jende anitz pilatzen den tokietan egiten dira. Aldiro, nortasun agiri bat, eta maskara bat eramatea eskatzen da, eta toki batzuetan osasun txartela gomendatzen bada, besteetan derrigorrezkoa da testa egin ahal izateko.

Gune jakin hauetatik kanpo froga egin nahi baldin bada, sintomak agertu ondoren medikuak egindako errezeta bat edo arrisku pertsona batekin harremanetan egon izana beharrezkoa dela jakinik, horrelako aukerak baliatzen dituzten pertsonen kopurua handia izatea ulergarria da.