Aurten ez da Herri Urratsik izango. «Pena handiz hartutako erabakia» izan dela aitortu dute Seaskako ordezkariek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakari den Koldo Telliturekin Kanbon eskaini duten agerraldian. Euskal Herri osoan ikastolen alde egiten diren ekitaldiak bertan behera utzi izanaren zergatia argitu eta etorkizun hurbilean dituzten erronken berri eman dute. Frantziako Hezkuntza Ministerioak murgiltze eredua ezabatzeko eman dituen urratsak ere hizpide izan dituzte.
Beñat Bidegainek eta Ihintza Bidartek, Herri Urratseko zuzendariak eta koordinatzaileak, azaldu dutenez irailaren 20an 5.000 pertsonentzat antolatu nahi zuten ekitaldia antolatzea inork ez die debekatu eta Senpereko Herriko Etxeak eskainitako laguntza eskertu dute. Honela azaldu dute erabakiaren zergatia: «Egoera sanitarioa berriz okertzen ari dela ikusirik, gaitza Ipar Euskal Herrian zabaltzen ari dela ikusirik, Senpereko Herriko Etxearekin eta sorospen eta segurtasun zerbitzuekin bildu ondoren, erabaki dugu arriskurik ez hartzea, eta Herri Urrats bertan behera uztea, lehen aldiz 36 urtetan».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Herri Urrats suspenditzea «ikastolendako sekulako galtzea» dela onartu du, baina bere hitzetan, «erabaki ona hartu dugu, egungo egoeran ez baigenuen besterik egiten ahal». Ia 500 pertsonari lana ematen dion sektorearentzat kolpe esanguratsua izango dela ohartarazi du Jorajuriak, «ikastolen aurrekonduen heren bat segurtatzen baitugu festetatik».
Epe motzera bestelako buruhausteak ere badituztela jakin arazi du Seaskako lehendakariak, izan ere ikasturte berria hastear da eta Hezkuntza Ministerioak oraindik ez du ikastetxeetan jarraitu beharreko protokoloaren berri eman. Hortaz, ezkor agertu da Seaskako bozeramailea, «ez dugu berri onik espero», iragarri du.
Ikasturte berriari begira kezkatuta agertu da Koldo Tellitu ere, baina osasuna eta segurtasuna lehenetsi behar direla adierazi du. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak aditzera eman duenez, «uneotan beste lehentasun batzuk ditugu, laster gure ikasleak ikasgeletara itzuli behar dira, eta larrialdi egoera hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik».
Ekitaldi nazionala aztertzen
Ikastolen alde Euskal Herri osoan antolatzen diren ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira aurten eta ondorioz galerak izango dira, horregatik, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia, Kilometroak eta Herri Urrats antolatzeak duen garrantzia azpimarratu du Tellituk. Bost jai hauek antolatzen lanean aritu diren eta laguntza eskaini duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta hurrengo ekitaldietarako aintzat hartuko dituztela ziurtatu du.
Horrela, bost besta bertan behera uzteak utzi duen hutsunea konpentsatzeko Euskal Herri mailako ekitaldi handi bat antolatzea aztertzen ari direla jakin arazi du Tellituk, «euskara eta euskal kulturan oinarritutako ekitaldia», baina ohartarazi du, «hori da gure nahia, baina aztertzen ari gara, oraindik ez da ezer ziurra, erabakia guztion artean hartuko da eta edonola ere, ekitaldi hori ez litzateke urria amaiera baino lehenago egingo».
Euskararen kontrako erasoak
Bordeleko errektoretzak uztailean jakin arazi zuen ez zuela onartzen Hiriburuko Eskola Publikoan euskarazko murgiltze sistema ezartzea. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen, baina orain artean Seaskak ez zuen auzi horri buruzko bere iritzia kaleratu. Gaur Peio Jorajuriak garbi azaldu du erabaki horren larritasuna eta «euskararen kontrako eraso zuzena» dela aldarrikatu du.
Jorajuriaren aburuz, Hezkuntza Ministerioa «ez du frantsesaren egoerak kezkatu sekula, euskararen garapena dute oztopatu nahi». Horren adibide gisara, euskarazko irakasle izateko oposaketak gainditu zituzten bi irakasle Euskal Herritik kanpora bidaltzeko Bordeleko Errektoretzak hartutako erabakia oroitarazi du.
Gauzak honela, euskararen aldeko hiru pauso ematera deitu du Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioa eta, aldi berean, Ipar Euskal Herriko hautetsiak hiru eskaera horiekin bat egitera gonbidatu ditu. Honakoak dira hiru eskaerak: euskara eskola publiko elebakar guztietan eskainia izatea, Ama Eskola elebidunek murgiltze eredua eskaintzeko aukera izan dezatela, eta azkenik, murgiltze ereduaren ama eskoletako esperiemtazioak ezarri diren lekuetan emaitzak hobeak direla frogatu denez, murgiltze ereduaren eskaintza lehen mailako eskola publikoetara zabaltzea.