Angeluko hirian kokatzen den Pygnadaren parte handi bat erre zuen sutea gertatu zenetik ia hilabete pasa den honetan, egungo egoeraren berri eta aurrera begira pentsatutakoa azaldu dute Angeluko auzapez Claude Olivek, Pirineo Atlantikoak departamentuko presidente Jean-Jacques Laserrek eta Baionako suprefeta Hervé Jonathanek. Basoaren ondoan dagoen Orok Bat estadioan eskaini dute prentsaurrekoan, egoeraren kudeaketaren ardura hartzen ari diren beste pertsonekin batera agertu dira prentsaren aitzinean.
Lehenik eta behin, sutearen ondorioz gunea segurtatzeko egindako lana aipatu du Olivek. 50 kilometro hezi jarri dituzte, erretako eta berotutako zonaldeen inguruan. Berotutako ingurua publikoari itxita izatearen garrantzia ere azaldu du, izan ere, erre ez bazen ere, sutearen ondorioz, anitz berotu eta lehortu zen, erretzea errezago eginez.
Ingurua seguratzeko, heziekin batera, erdi erorita eta apurtuta zeuden zuhaitz eta landareak mozten eta kentzen aritu dira orain arte, eta hemendik goiti ere jarraituko dute. Naturak bere bidea egiten duen heinean beste erabaki batzuk hartzen joanen direla azaldu dute, izan ere landaretzak izango duen garapenaren arabera, parte batzuk moztu egin beharko dira. Udaberrira arte zaintza horretan ariko dira, baita animaliek izango duten jokaeraren inguruan ere, izan ere orain askoz espazio gutxiago dago zomorro zein beste animalientzat.
Orain arte egindako lan guztiek 200.000 euroko kostea ekarri dio Herriko Etxeari, nahiz eta gastu hori beste erakundeen artean ere ordaindu beharko den. Gobernuaren ordezkari den Jonathanek Parisetik laguntza ekonomikoak helduko direla segurtatu du, eta txostenak egiteko daukaten baliabideak ere eskainiko dituztela gaineratu du.
Neurriak eta betebeharrak
Astelehenetik goiti, erre eta berotu ez zen basoaren hegoaldeko zonaldea publikoari irekita dago. Bertako eremua ere segurtatu dute, jendea bertatik arazorik gabe ibil dadin. Hala ere, udal ordenantza baten bitartez, hainbat neurri, muga eta betebehar ezarri dituzte. Garrantzitsuena, 21:00etatik 6:00etara bertan ibiltzea debekatuta egongo da. Neurriak gunea segurtatzeko, eta berriz ere horrelakorik ez gertatzeko, pentsatuak dira: ezin izanen da erre, barbakoarik egin, akanpatu, ehiza egin…
Etorkizunera begira ere jarri dira erakundeetako ordezkariak, nahiz eta oraindik ez den ezer erabakia izan, salbu gune horretan ez dela eraikinik eginen, eta orain bezala gune naturala geldituko dela. Egungo egoeraren eta egokituko lirateken aukeren inguruko txostenak eskatuko dituzte, eta erabakiak eremuaren jabe diren Herriko Etxea, Departamentua eta Santa Mariaren Zerbitzariak kongregazioaren artean hartu beharko dira.
Zein landare mota ezarriko liratekeen aipatuta, agerrialdian egon den Basoen Erakunde Nazionaleko ordezkariak, lur mota horretan haritz espezie ezberdinak egokitu daitezkeela azaldu du. Hala ere, horrelako sute baten ondoren, beste edozer landatu baino lehen urtebete itxaron behar dela aipatu dute.
Orain arte pinudian nagusi zeuden zuhaitzak Napoleonek landatu zituela duela zenbait mende, eta zentzu horretan departamentuko presidenteak, egungo egoera eta gizarteari egokitzeko eredu «moderno» bat pentsatu beharko dela baieztatu du, eta ziurtatu du «ez da lehengoa bezalakoa izango».
Ajudam Pygnada
Sutea izan zenetik jasotzen ari diren ekarpen ekonomikoak bildu eta kudeatzeko xedearekin Ajudam Pignada elkartea sortu dute, eta legalki ostegun honetatik goiti dago abian. Xede ekonomikoaz gain, gizarte zibilaren partehartzea elkartzen eta gidatzen laguntzeko ere dago pentsatuta. Angeluko auzapeza izan zen Robert Villenave izanen da presidente, eta amabitxia, Pauline Ado surflari angeluar ezaguna.
Villenavek hitza hartu du, bere gain duen arduraren garrantzia azpimarratuz,. Angeluarrei hitza emateko baliabide gisara ikusten du elkartea. Biztanleei eta herriko elkarteei emango die hitza, eta bere bitartez proposamenak eginen dizkiete erakundeei.
Aldi berean, erakunde publikoetatik jasoko diren laguntzak eta jende edo enpresek emandako emaitza ekonomiko eta materialen arteko ezberdintasuna egitea ere badute xede. Horrela emandako diru hori zertan erabiltzen ari den argi egon dadin jakiteko baliatuko da.