Hizkuntzarekiko «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburuarekin» aurkeztu dute euskaraz hitz egingo duen Lakuako Gobernuaren aldeko manifestua Martxelo Otamendik eta Maite Artolak. Orotara, Euskal Herri osoko komunikabideetan jarduten diren 300 kazetari euskaldunek baino gehiago erakutsi dute bere babesa manifestu honekiko. Tartean daude NAIZ, GARA eta NAIZ Irratiko kazetariak.
Ostegun honetan aurkeztu dute dokumentua Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, «euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaiolako euskal kazetaritza profesionalari» eta «euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaielako herritarrei».
Gasteizko Legebiltzarrak 1982an Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea onartu eta 38 urtera, datorren Lakuako Gobernua osatu behar duen arduradun nagusiari eskatzen diote euskaraz hitz egiten duten sailburu eta arduradunak izenda ditzala.
Euskaraz lan egiten duten kazetariek, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean lan egin dutela ohartarazi dute. Seinalatu dute gizarte osoaren ardura dela euskara normalizazio osora eramatea, «baina zeregin horretan lehen mailako erantzukizuna daukate erakunde publikoek».
«Ez dira aski adierazpen irakurriak»
Uste dute «une historiko» honek, koronabirusaren pandemiak, areagotu egin duela desberdintasuna askotan Lakuako Gobernuko sailburuen euskarazko adierazpenak irakurriak izaten baitira edota «ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramaileak» behartzen dituztelako azalpenak ematera.
«Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat», jasotzen dute.
«Euskaraz behar dugu informazioa, besteak beste, pandemiak eragindako azken neurriei buruz informatzeko, ezusteko gertakarien ondoko ekinbide ofizialak jakinarazteko eta hartzen diren erabakien berri gizarteari emateko», azaltzen da ehundaka kazetari ados agertu diren manifestuan.
Pandemia garaian kazetarien jarduera oinarrizko bihurtu dela iritzi dute, «garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez». Funtzio hori betetzeko, informazioaren sorburura jotea ezinbesteko zaie kazetariei eta arduradun politikoen betebeharra da informazioa zehaztasunez ematea, hala nola kazetarien galderei erantzutea, «baita euskaraz ere».