Asier AIESTARAN

Garai Berriak plataforma Gipuzkoako Futbol Federazioaren hauteskundeetara aurkeztuko da

Presidentegaia Manu Diaz izango da, lanbidez abokatua eta besteren artean Bergara Kirol Elkarteko entrenatzaile, jokalari, eta kirol zuzendari ohia. Helburuen artean «Euskal Herriaren ofizialtasunaren aldeko parte-hartze proaktiboa bultzatzea» eta «euskararen erabilera sustatzea» aipatu dituzte.

Gaur aurkeztu dute hautagaitza Donostiako Aquariumean (GARAI BERRIAK)
Gaur aurkeztu dute hautagaitza Donostiako Aquariumean (GARAI BERRIAK)

Gaur aurkeztu dute Donostiako Aquariumean Garai Berriak plataforma, aurki egingo diren Gipuzkoako Futbol Federazioaren hauteskundeetara aurkeztuko den hautagaitza alternatiboa. Presidentegaia Manu Diaz izango da, lanbidez abokatua eta besteren artean Bergara Kirol Elkarteko entrenatzaile, jokalari, eta kirol zuzendari ohia, «futbolean eta erakundeen gestioan esperientzia zabala duen pertsona», gaurko aurkezpenean azaldu dutenez.

Plataforma gaur aurkeztu den arren, «ia urtebeteko lana» egina daramatela esan dute, «Gipuzkoako futbolaren inguruan esperientzia eta ezagutza handia duten hainbat pertsonak parte hartu duten hausnarketa-prozesu batetik sortutako ekimena» delako hautagaitza.

Denbora horretan jasotako iritzietatik ondorioztatu dute federazioarekiko «urruntasun sentipena dagoela, klub gehienak ez direla federazioaren parte sentitzen, eta, batez ere, egungo presidentearen 32 urteko agintaldiaren ondoren, kudeatzeko modua goitik behera aldatu behar dela».

Hortxe dago, zalantzarik gabe, gakoetako bat. Juan Luis Larreak 30 urtetik gora daramatza Gipuzkoako Federazioaren presidente karguan, hauteskunde prozesu gehienetan alternatibarik aurkeztu ere egin gabe, eta badirudi Gipuzkoako futbolaren zati batek aldaketaren beharra ikusi duela.

Garai Berriak plataformaren ustez beharrezkoa da «harremanak hobetzea Gipuzkoan futbola sustatzen duten erakundeekin, oinarrizko futbola modu egokian garatzen lagunduko duen giro egonkor bat lortze aldera», eta horretarako «hilabeteak dira ekimena Foru Aldundiari, Realari, Eibarri eta Federazioari berari aurkeztu zitzaiela».

Proposatzen den aldaketa horrek hainbat ardatz ditu, aurkezpenean aipatu direnak, eta horien artean daude «Euskal Herriaren ofizialtasunaren aldeko parte-hartze proaktiboa bultzatzea» edo «euskararen erabilera sustatzea».

Horiekin batera aipatu dira «kudeaketa-eredua aldatzea, gardentasuna, interesdun guztiekin zuzeneko komunikazioa izatea, inplikatutako kolektiboen kudeaketan parte hartzea, futbolarien, epaileen eta entrenatzaileen prestakuntza hobetzea, emakumeek futbolean jarduteari dagokionez berdintasuna sustatzea, kirol-instalazioak hobetzea, Federazioak Gipuzkoako gizartean duen presentzia areagotzea, edo kirol egokitua integratzea eta babestea».