NAIZ

Klase bat itxita Hendaiako eskola batean eta Biriatuko ikastolako haur guztiak etxera igorri dituzte

Klase bat itxi dute Hendaiako Lissardy eskola publikoan ikasle batek covid-19 proban positibo eman ondoren. Ikasleak etxera igorri badituzte ere, eskola ez dute itxi orangoz. Osasun protokoloa martxan jarri dute. Biriatuko ikastola ixtea erabaki dute, bestalde, bertan ere covid-19 kasu bat atzeman ondoren. Bestalde, gaur arratsaldean jakitera eman denez beste hainbat zentrotan koronabuirusaren kasuak agertu dira. Hala, Basusarrin eskola giristino bat itxi dute, eta Larresoroko eskola publikoan klase bat.

Biriatuko ikastola ixtea erabaki dute covid-19 kasu bat agertu ondoren. (@seaskaikastola)
Biriatuko ikastola ixtea erabaki dute covid-19 kasu bat agertu ondoren. (@seaskaikastola)

Klase bat itxi dute Hendaiako Lissardy eskola publikoan ikasle batek covid-19 proban positibo eman ondoren. Euskal Irratiek zabaldu duten albistearen arabera kutsatu den haurraren ikaskideak etxera igorri badituzte ere, eskola ez dute itxi orangoz. Osasun protokoloa martxan jarri dute eta testak eginen dituzte.

Eskualde berean, Biriatuko ikastola itxi egin dute eta eskola horretan ikasten duten 24 haur etxera igorri dituzte covid-19 kasu bat agertu ostean.

France Bleuk gaur arratsadean jakitera eman duenez Covid-19ko hainbat kasu agertu dira beste bi ikastetxetan. Hala Larresoro, Saingt-Martin ikastetxe giristinoa hetsi dute ikasle batek positibo eman ondoren. 81 ikasle ditu eskola honek. Berriz Basusarriko eskola publikoan klase bat itxi dute koronabirus kasu bat agertu ondoren. 26 ikasle eta irakasle bat zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute.

Atzo, eskola bana itxi behar izan zuten Baionan eta Larrainen koronabirusarekin kutsatutako kasu bana antzeman ostean. Baionako Chaho Kaian kokatzen den udal haur eskolaren kasuan langile batek positibo eman ondoren beste 3 kasu baieztatu ziren. Larraineko eskolan, aldiz, haur bati antzeman zioten koronabirusa.

Baionakoaren kasuan, langile baek gaixotasunaren sintomak sumatu zituen joan zen ostiralean, eta zuhurtziagatik astelehenean ez zen lantokira joan.

Astelehen arratsaldean egin zioten testa aipaturiko langileari eta emaitza positiboa agertu zenez, atzo, astezkena, haurtzaindegia ixteko erabakia hartu zuten.

Bertze hainbat langilek sintoma arinak sumatu zituzten asteburuan zehar. Osasun protokoloari jarraiki, hamalau egunez isolaturik izanen dira. Langile horiei eginiko testen emaitzak ezagutu ondoren –3 langile gehiagok positibo eman zuten– Herriko Etxeak zortzi egunez haurtzaindegia itxita atxikitzea erabaki zuen.

Ikasturtea hasi zenetik Baionakoa eta Larrainekoa izan dira Ipar Euskal Herrian itxi dituzten aurreneko hezkuntza zentroak.

Berez, covid-19 gaitzaren lehendabiziko kasua Donibane Lohizuneko Urdazuri ikastetxe publikoan baieztatu zen joan zen ostiralean. Irakasle batek positibo eman ostean, hainbat lankide berrogeialdian ezarri zituzten.

Izan ere ikasleekin zuzeneko kontakurik ez zela egon argudiatuta, eskolak normalasunez zabaldu zituen bere ateak joan zen astelehenean.

Finean, Akitania Berriako osasun arduradunek emandako azkeneko datuen arabera sei pertsona ingresaturik daude Pirinio Atlantikoen erietxetan covid-19ak jota.