Gaur EAEko klaseak hustu dira eta hiriburuetako kaleak bete dira, izan ere milaka lagun bildu dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, «osotara, greba egin ahal zuen langileen %70 grebara atera da, eta beste hainbestek bat egin dute zerbitzu minimoetan egon arren».
Jesus Guridi Kontserbatoriotik atera da Gasteizko martxa. Leku sinbolikoa da, martxoaren 9an bertan erabaki baitzen klaseak bertan behera uztea. «Leku sinboliko batean hasi da, baina leku hobeago batean amaituko da, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, nahikoa dela esateko», adierazi du Steilaseko Ainhoa Astigarragak, gaurko mobilizazioetan irakasleak, ikasleak, jantokietako langileak eta garbitzaileak parte hartu dutela ohartarazi ondoren.
Guztiak batu dira Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean «Hezkuntza Sailari egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurri zein baliabideak abian jartzea» galdegiteko. «Horrela soilik bermatu ahalko ditu osasuna eta kalitatezko hezkuntzara», nabarmendu dute.
Azaldu dutenez, eskaerak «argiak» dira: «Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babeserako Ekipamenduak ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; eta geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz».
Halaber, «espaziorik ez dagoenez» bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea eskatu diote Hezkuntza Sailari; baira «sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea, eta ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea». Era berean, curriculumaren egokitzapen eta murriztea aldarrikatu dute, «ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz»; eta «egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak» ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordaindua ematea eskatu dute sindikatuek.
«Hezkuntza Sailari urgentziaz egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurriak zein osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak abian jartzea galdegiten diogu behingoz; bestela mobilizazioekin aurrera jarraitu beste biderik ez digu utziko», azpimarratu dute.
Lakuako oztopoak
Eta Gasteizko Gobernuak jarritako oztopoak salatu dituzte: «Jaurlaritzak greba desaktibatzeko eta honen bitartez salatu eta azaleratu nahi ditugun arazoak ikusezin bihurtu nahi izan ditu, ildo horretatik, azken egunotan bere kudeaketa tamalgarria eta planifikaziorik eza ezkutatzeko saiakera nabariak egin duen bezalaxe».
«Alde batetik, inolako zehaztasun eta baliabide aurreikuspenik gabe, azken orduko aldebiko bileretara deitu gintuen Sailburu berriak, ondorenean asmo propagandistiko hutsa baino ez zuten adierazpenak egiteko. Bestetik, atzo, azken momentuan inoiz baino zerbitzu minimo handiagoak ezartzen zituen agindua eman zuen jakitera, ikastetxeen antolakuntzan anabasa egoera berri eta onartezina sortuz», gaineratu dute.
«Hala ere, langileok gaurko egunean antolatutako manifestazioetan izan dugun parte hartzea aipatzekoa da, pandemiak horrelako ekimen batera begira suposatzen dituen zailtasunak agerikoak izan arren, hiru hiriburutan egin diren manifestazioetan», adierazi dute. Gasteizko kasuan ezinezkoa izan da zenbatzea zenbat lagun bildu diren, izan ere Txagorritxu auzoko kaleak zeharkatu ditu eta bi zutabeetan banandu egin da Lakuara iritsi baino lehen. Lehenak heldu direnetik azkenak heldu diren arte ordu erdi baino gehiago igaro da. Sindikatuek adierazi dutenez, hiriburuetan egin diren manifestazioetan 17.000 lagun bildu dira.