NAIZ

Hamahiru urteko kartzelaldia Rennesen agortu du Alaitz Areitio iurretarrak

2007. urtean atxilotu zuten Alaitz Areitiori ezarritako zigorra gaur bukatu da Renneseko presondegian. Honekin ume motxiladun bat gutxiago ere bada, espetxean ama izan baitzen.

Alaitz Areitio. (Etxerat)
Alaitz Areitio. (Etxerat)

Alaitz Areitio Iurreta presoari gaur amaituko zaio kartzelaldia, non eta Bretainiako hiriburuan, Rennesen. Herrira itzultzeko zertxobait itxaron beharko du oraindik, covid-19aren protokoloak momentuz han geldiarazi baitu. Anboto.org-ek eman du honen berri eta Etxerateko iturriek baieztatu dute.

Igor Igartuarekin batera atxilotu zuten Areitio, 2007. urtean, eta geroztik preso egon da. Haurdun zegoen une hartan eta ondorioz Estatu frantsesak zein espainolak ezarritako urruntzea pairatu behar izan du semeak bere bizitza osoan, azken boladan 1.400 kilometrotako joan-etorriak eginez. Aurretik oraindik urrutiago izan zuten gatibu Alaitz Areitio, Fleuryn hain zuzen ere.

2019. urtean albiste izan zen Areitio, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak haren helegite bat ontzat jo zuelako. Ordura arte, frantziar nazionalitaterik ez zuten presoek ezin zuten baldintzako askatasunik eskuratu baldin eta «terrorismo» delituagatik zigortuta eta urrutiratuta baziren. Arau hori ez zela bidezkoa onetsi zuen erakunde horrek.

Koronabirusak eragindako egoerak zertxobait atzeratuko du etxera buelta baina askatasuna berreskuratu du Areitiok. Alaitz Aramendi eta Itziar Moreno utzi ditu Rennesen. Guztira sei euskal emakumek segitzen dute preso Estatu frantsesean, guztiak urrun, Euskal Herritik gertu emakumezkoentzako modulurik duen kartzelarik ez dela argudiatuta.