Asier ROBLES

Covid-19aren inguruko beste iritzi batzuk kontuan hartzeko eskatu du talde berri batek

Osasuna eta Eskubideak sortu berri den ekimenak Lakuako Gobernuari eta Osakidetzari dei egin die covid-19ak sortutako pandemiaren inguruko beste iritzi batzuk kontuan hartzeko, eta larunbaterako mobilizazioak iragarri ditu.

Osasuna eta Eskubideak ekimenaren aurkezpena.
Osasuna eta Eskubideak ekimenaren aurkezpena.

«Eztabaida zientifikoa» eskatzeko eta «bertsio ofiziala» deitzen dutenarekin ados ez dauden adituen iritzia kontuan hartzeko sortu berri den Osasuna eta Eskubideak taldea aurkeztu dute gaur Bilbon Patxi Alaña Biltzarre erakundeko partaideak, Nekane Jurado ekonomilariak, Asier Arregi nekazari ingenieriar eta geobiologoak eta Jan Shulz-wiling Alemaniako Querdenken mugimenduaren partaideak.

Talde berri horren antolatzaileek ikerketa independentea eskatu dute, «inolako beldurrik eta kontrolik gabe». Ildo horretatik, Alañak «antizientifismotzat» jo du datuak zalantzan jartzen dituzten ikerketak ez aztertzea.

Osasuna eta Eskubideak ekimenarekin bat egin duten parte-hartzaileen kopuruari buruz daturik eman ez arren, «askotariko mugimendua» dela azpimarratu dute eta ez dutela euren burua ukatzailetzat jotzen. «Ukatu ez, arazo larri bat dagoela baieztatzen dugu», azpimarratu du Alañak.

Horretarako mobilizazioa deitu dute larunbat honetan, irailak 26. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik atera eta Arantzazun bukatuko den karabana bat izango da. 09.00etan abiatuko da: Bilbon Santa Anatik, Donostian Illunbeko aparkalekutik, Gasteizen karabanen aparkalekutik eta Iruñean Berriozarreko Decahtlonen aparkalekutik.

«Ezin da pandemiaz hitz egin»

Nekane Juradok talde berri horren ikuspuntu ekonomikoa eman du pandemiaren inguruan. «Aurretik Davosena bezalako botere-foroetan eztabaidatu diren joera ekonomikoentzako azeleragailu handi bat» izan dela ziurtatu du, eta «plangintza bat jarraitzen ari direla» gaineratu du.

«Dena manipulazio handia dela uste dut, hiru helbururekin: estatuen porrota, ekoizpenaren robotizazio masiboa eta herritarren kontrola. Eta horrek, berastasun metagailu handiei mesede egiten die, hala nola Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsofti», adierazi du ekonomilariak.

Aurkezpenean parte hartu duten guztiek salatu dutenez, beldurraren kanpaina egiten ari dira komunikabideen bidez, eta pandemia ez da martxoan uste bezain arriskutsua. «Ezin da pandemiaz hitz egin, OMEren datuen arabera, mundu mailan 1.000.000 pertsona hiltzen direnean», adierazi du Juradok.