NAIZ

Metroaren aferan azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Goiari: «ETSren abokatu gisa ari da»

Eneko Goia Donostiako alkatearen agerraldia eskatu du EH Bilduk, Metro-pasantearen lanak gelditu eta esleipen berria egin daitekeela, garestiagoa, jakin ostean. Reyes Karrereren aburuz, Goia Euskal Trebide Sarearen alde ari da eta ez herritarren alde.

Reyes Karrere udal taldeko burua, gaur eginiko agerraldian. (Eh Bildu)
Reyes Karrere udal taldeko burua, gaur eginiko agerraldian. (Eh Bildu)

Ez da lehenbiziko aldia, baina bai bereziki kezkagarria. Metroaren lanetan agerturiko «akats» berrien ostean Eneko Goia alkateak azalpenak eman behar dituela argi du EH Bilduk, eta ondorioz agerraldia eskatu du, mezu argi batekin: «ETSren abokatu defendatzailea izateari utzi eta Donostiako herritarrak defendatzen has dadila».

«Argitaratu diren azken berrien arabera, ETSk Easo-Mirakontxa zatiko lanak lehiaketara atera nahi ditu berriro, 28 pertsona kaleratu dituzte eta, dirudienez, lanak datorren maiatzera arte ez dira berriro hasiko –gogora ekarri du Karrerek–. Metroaren pasantearen beharrari edo, hobeto esanda, behar ezari buruzko eztabaidak alde batera utzita, ulertzen ez duguna da Donostiako alkateak nola eman ditzakeen ontzat beti beste aldearen azalpenak, hau da, ETSrenak. ETSren erabaki bat bera ere ez du zalantzan jartzen, dena ontzat ematen du».

«Dagoeneko asko dira Donostiako Metro pasantearen obrek izan dituzten gorabeherak. Eta ‘modus operandi’a errepikatu egiten da: lehenik eta behin, arazoa estaltzen saiatzen dira, eta azkenean egia azalarazten denean, Eneko Goiak beti ateratzen da hedabideen aurrean gertatukoari garrantzia kentzera, dena ondo eta kontrolpean dagoela esatera», salatu du.

Karrerek nabarmendu duenez, kezkagai ezberdinak biltzen ditu aferak: lanek «pertsona askoren segurtasuna arriskuan jarri du»; horretan «diru publiko asko xahuzten ari da», noiz eta pandemiak bestelako lehentasunak eragiten dituenean; eta gainera, «hemen inork ez du autokritikarik egiten egindako akats nabarmenengatik».

«Laburbilduz, zulo beltz tekniko, politiko, sozial eta ekonomiko baten aurrean gaude», adierazi du EH Bildu udal taldeko buruak. Eta ondorioz azalpenak emateko beharra helarazi dio alkateari, gogoratuz, gainera, ostiral honetan Iñaki Arriola sailburuak honetaz hitz egin beharko duela Gasteizko Legebiltzarrean, EH Bilduren ekimenez.

Aurrekariak

Gertaeren larritasuna nabarmentzeko, azken hilabeteotan pilatutako egoerak zerrendatu ditu Karrerek. Hasteko, «ekainaren 5ean Zubieta kaleko eraikinean zuloa eragin ondoren, Kontxaren azpiko zatian lanak gelditu ziren, txosten geologiko eta hidrogeologiko osagarriak egiteko, eta ETSko arduraduna den Antonio Lopezek publikoki aitortu zuen ‘akatsak’ egin zirela. Lehen minutuan, Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak (EAJ) esan zuen Zubieta kaleko zuloak ez zuela zerikusirik Metroarekin».

Hamar egun beranduago, «Udal Batzordean egindako agerraldian (EH Bilduk eskatuta), Goiak adierazi zuen ekainaren 5eko zuloa ‘susto’ hutsa izan zela, eta dena ‘ongi konpondu’ zela, eta ez zela kezkarik egon behar ez bizilagunen segurtasunaz, ez langileen lan-baldintzez», jarraitu du.

Abuztuaren hasieran, «ETSk Kontxa hondartzako arkupeetan premiazko esku-hartze garrantzitsu baten berri eman zuen, hiru hilabetez luzatuko zena. Iturri extraofizialek adierazi zutenez, % 50 eta % 70 arteko gainkostua aurreikusten zen esku-hartze berri honen ondorioz».

Gainera, «irailaren 25ean, ETSk jakinarazten du obrak gelditu direla Easo-Kontxa zati osoan (hasieran soilik Zubieta kalearen azpian geratu zirela adierazi zuten). Easo kalean ere arazoak daudela onartzen dute lehendabizikoz. Hitz hitz, ‘hay también otros puntos, como la zona
de Easo, donde se han encontrado arenas a gran profundidad’. Hau da, oraindik ez dakite (edo ez dute publikoki adierazi nahi) zehatz mehatz zein den arazoaren benetako dimentsioa», ondorioztatu du EH Bilduk.

Azkenik, «irailaren 28an Eneko Goiak dio irrati batean ETSren harremanetan dagoela etengabe, eta lur gaineko obrak aurreikusita zegoen bezala bukatuko direla adierazten du (San Martin kaleko peatonalizazioa...)», erantsi du Karrerek.