NAIZ

Orain arte ia 70.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren aurtengo edizioan parte hartzeko

Orain arte ia 70.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko. Horien artean, %20ak lehen edizioan ez zuela parte hartu nabarmendu dute sustatzaileek. Azaroaren 19ra arteko epea dago ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko.

Euskaraldiaren aurkezpena, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)
Euskaraldiaren aurkezpena, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Hiru aste barru abiatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta, dagoeneko, 70.000 lagun dira izena eman dutenak. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra 15 egunetan euskara «gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» erabiltzeko deia egin dute ekimenaren antolatzaileek.

Herritarrek beraien hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egin eta ahobizi edo belarriprest rola hautatuta inertziak apurtu eta euskararen erabileran urratsak emateko gonbita egin da bigarren edizioan ere bai.

Euskaraldia testuinguru berezian datorrela adierazi dute antolatzaileek, covid-19ak eragindako egoerak baldintzatuta. Hala ere, Euskaraldiaren helburua parte-hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela kontuan hartuta, antolatzaileek ariketan parte hartzera animatu nahi izan dituzte euskara ulertzeko eta euskaraz aritzeko gai diren herritarrak.

Hala, bakoitzak bere inguruko harreman sareetan (etxean, lanean, komertziotan, lagunartean edo internet bidezko harremanetan) hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu eta ariketan parte hartzeko deia egin dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Irailaren 24an zabaldu zen Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea eta dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako ia 70.000 herritarrek eman dute izena. Izena eman dutenen artean %20ak lehen edizioan ez zuen parte hartu.

Sustatzaileek gogoratu dutenez, izena emateko hiru bide daude: Euskaraldiaren webgunearen bidez, herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan eta telefono mugikorretarako sortu den aplikazioaren bidez.

Izena emateko hiru dei

Izen ematea ahalik eta arinen egitea ere gomendatu dute sustatzaileek, ariketaren aurretik herriz herri egingo den txapa banaketa behar bezala antolatu ahal izateko.

Hiru dei egin nahi izan dituzte antolatzaileek bereziki. Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartu zuten belarriprest eta ahobiziei, batetik. Zentzu horretan, bigarren edizioan ere izena ematea garrantzitsua dela gogoratu da, antolaketarako garrantzitsua delako (txapa banaketarako eta informazio zein formazioa zabaltzeko) eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak egin eta errepikatzea beharrezkoa delako.

Ariguneetan parte hartzen duten kide guztiei, bestetik. Izan ere, beraien entitateek izena eman duten arren, ariguneetako partaideek ahobizi edo belarriprest modura izena eman beharra dutela gogoratu da.

Eta aurreko edizioan parte hartzerik izan ez zutenei, azkenik. Arrazoi ezberdinengatik aurreko edizioan parte hartu ez zutenei rola aukeratu, izena eman eta ariketa egiteko gonbita luzatu diete antolatzaileek. Ariketa egitea merezi du, inguruan euskaraz aritzeko uste baino aukera gehiago dagoela eta, arituz, hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusiko dutelako.

Milaka lagun eta entitate antolaketa lanetan

Egoera erraza izan ez arren, herriz herri lanean ari den boluntario eta eragile sarea zabala da. Guztira 421 udalerritan ari dira herri batzordeak antolaketa lanetan eta Euskaraldiaren sustatzaileek sare horretan parte hartzen ari diren milaka lagunen lana eskertu nahi izan dute.

Era berean, 6.737 entitatetan sortu diren 25.000tik gora ariguneen ahalegina ere azpimarratu nahi izan dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko eragileek.

Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten entitate guzti hauek beraien barne zein kanpo funtzionamenduan euskaraz aritzeko sortu, identifikatu eta babesteko apustua egin dute eta horrek oinarri garrantzitsua emango die azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldian parte hartuko duten milaka ahobizi eta belarriprestei.