Presoen senideen kezka errealitate bilakatu da asteburu honetan. Bidera atera ziren milaka eta milaka kilometro egiteko, Estatu espainoleko lurralde gehien-gehienak konfinatuta zeudela jakinda, eta legez bidaiak zein bisitak baimenduta izan arren, zenbait tokitan arazoak izan dituzte. Horren berri eman dute Gasteizen Etxerateko Patricia Velezek eta Sareko Joseba Azkarragak.
Zehaztu dutenez, «Puerto I, Puerto III eta Avilako espetxeetara joan ziren bederatzi senideri administrazio-espedientea ireki diete, perimetroan itxitako lurraldeak zeharkatzeagatik. Teruelgo espetxean senide batek bisita galdu zuen, larrialdi-egoerarengatik».
«Inork ez du konfinamendurik hautsi –ekarri dute gogora–. Senideek bidaia egiteko arrazoi justifikatuak frogatzen zituzten agiriak eraman dituzte: bisita baimenduen egiaztagiria eta, gainera, ondoren, bisita egin izanaren egiaztagiria, ia espetxe guztietan emana».
Arazo horien sakoneko arazoa urruntzeari eutsi izanarena dela nabarmendu dute Etxerat eta Sareko ordezkariek. Izan ere, gaur Estatu espainolean diren 187 presoetatik 170 baino gehiago Euskal Herritik kanpo daude. «Presoak euskal espetxeetan baleude, espetxe legeak aholkatzen duen bezala eta ziklo politiko berriak zehazten duen bezala, ez lukete bidaiatzeko beharrik izango, ez eta Estatu espainiarrean hainbat lurralde zeharkatzekoa ere», ohartarazi dute.
Egoera luzatzen ari da, eta aurreko astetik larriagotu ere bai, konfinamendu horiek direla eta: «Estatu espainiarreko espetxeetan, covid-19a dela eta, komunikazioak murriztu edo bertan behera utzi zirenetk 10 hilabete igaro dira dagoeneko –aipatu dute–. Frantziako espetxeetan gertatzen dena ere oso zaila da senideentzat, non, gainera, hizkuntza ez ezagutzearen arazo erantsia duten. Azken batean, egoera jasanezina da, euskal presoek eta haien senideek etengabe ziurgabetasuna jasaten baitute».
«Berriro diogu euskal presoak lehenbailehen Euskal Herriko espetxeetara eraman beharko dituztela, Zaballara, gero eta handiagoak baitira kartzelaratutako pertsonek eta haien familiek jasaten dituzten urruntzearen ondorio konponezinak», amaitu dute Azkarragak eta Velezek.