Asier AIESTARAN

Asobal Liga, pandemiaren erdian lehiaketa bat aurrera ateratzeak dituen zailtasunen adibide

Liga hasi zenetik jada 42 neurketa atzeratu behar izan dira eta norgehiagoka horiek guztiak garaiz jokatu ahal izateak gero eta zailagoa dirudi. Adibide batzuk baino ez: Barçak hamar partida jokatuak dituen bitartean Saguntok bost baino ez ditu jokatu, eta Benidormek jada bederatzi atzerapen jasan ditu.

Anaitasunak Barçaren aurka jokatutako partida, oraindik publikoa zegoenean (Iñigo URIZ / FOKU)
Anaitasunak Barçaren aurka jokatutako partida, oraindik publikoa zegoenean (Iñigo URIZ / FOKU)

Asobal Liga koronabirusak kirol lehiaketak zer puntutaraino baldintzatu dituen erakusteko adibide onena bilakatu da. Liga hasi zenetik jada 42 neurketa atzeratu behar izan dira eta norgehiagoka horiek guztiak jokatu ahal izateak gero eta zailagoa dirudi.

Adibideak ugariak dira. Amaieratik hasita, aste honetan astebarruan jokatzekoak ziren 12. jardunaldiko lau neurketa atzeratu egin behar izan dituzte Covid-19 kasuak tarteko. Bidasoa-Irunek Benidormen aurka jokatu behar zuena, esaterako, ez da jokatuko talde gipuzkoarrean positibo bat antzeman zutelako astearen hasieran.

Ez da Bidasoak duen lehen esperientzia txarra arrazoi horregatik. Gogoratu behar da talde irundarrak itxialdian egon behar izan zuela aste bat baino gehiago urria erdialdean eta hiru neurketa atzeratu behar izan zituela tarte horretan: Ademar, Guadalajara eta Barçaren aurkakoak.

Anaitasunak ere bizi izan du egoera deserosoren bat. Azkena, esaterako, Cangasen aurkako partidan Ander Izquierdo bere izar berria gabe jokatu beharra. Izquierdo gaztea Espainiako selekzioarekin joan zen aurreko astean, eta selekzio horretako hainbat kidek positibo eman ondoren Izquierdok ezingo du badaezpada kantxara irten bere taldekideekin.

Beste talde batzuren egoera are negargarriagoa da. Asteazken honetan Bidasoaren aurka jokatu behar zuen Benidormen kasua, esaterako: jokatu beharreko 13 partidetatik 9 atzeratuak izan dira. Eta sailkapenari begirada bat botatzea besterik ez dago egoeraz jabetzeko: sailkapeneko lehen postuan dagoen Barçak hamar neurketa jokatu dituen bitartean, behekaldean ageri den Puerto Santok bost baino ez ditu jokatu ahal izan.

Gaizki hasten dena…

Asobal Ligaren ajeak denboraldi hasiera-hasieratik datoz. Lehiaketa irailaren 2an zen hastekoa, baina azken unean Espainiako Federazioak lehen bi jardunaldiak atzeratzera derrigortu zuen Asobal, Covidaren aurkako protokoloa ez zegoelako behar beste landuta. Kontuan izan behar da, gainera, lehenagotik zetorrela Federazioaren eta Asobal elkartearen arteko borroka, baita Asobaleko taldeen arteko borroka ere arrazoi desberdinak tarteko.

Federaziotik, esaterako, lehiaketa formatua aldatzeko –emakumezkoen Ohorezko Mailan egin den modura– proposamena egin zen, baina Asobalek ez zuen aldaketa hori onartu eta aurrera egin zuen bi itzuli osotara antolatutako 18 taldeko liga batekin, aurreko urteetan baino bi talde gehiagorekin, alegia.

Lehen atzerapen horien ondotik beste asko etorri dira gero. Neurketa asko jokatu dira jada, baina oraindik asko dira jokatu gabe daudenak: lehen jardunaldiko hiru, seigarreneko bat, zazpigarreneko beste bat, zortzigarreneko lau, bederatzigarreneko bost, hamargarreneko zazpi eta hamaikagarreneko bi, hamabigarren honetan jokatu gabe geratuko diren lau horiez gain.

Euskal taldeei dagokienez, Bidasoak Ademar, Barça, Valladolid eta Benidormen aurkakoak ditu berreskuratzeko; Anaitasunak, aldiz, Cuenca eta Granollersen kontrakoak.

Azken neurria abenduan jokatzekoa zen Asobal Kopa atzeratzea izan da, modu horretan Ligako partidak berreskuratu ahal izateko beste asteburu bat irabaziz. Ikusi egin beharko da nahikoa den ala ez.