Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumara iritsi dira Raymond Carver eta May Ayim, itxuraz antzekotasun gutxi dituzten bi autore, baina puntu bakan batzuetan bat egiten dutenak: biak hil ziren gazterik, biek landu zuten poesia sozialena eta idazkeran duten anbiguotasunerako joeraren ondorioz Kaieretara ekarri dituzten bi itzultzaileek aitortu dute apur bat «sufritu» egin dutela itzulpenarekin. Garazi Ugalde Pikabeak ekarri du euskarara Ayim, eta Harkaitz Cano arduratu da Carver-en poemen itzulpenaz.
Poesiaren munduan ez da bereziki ezaguna Ayim. Itzultzaileak berak Berlineko adiskide bati esker «kasualitatez» ezagutu izana onartu du aurkezpenean. Izan ere, alemaniarra zen Ayim, 1960an Hanburgon jaioa. «Ama alemaniar zuria zuen eta aita Ghanako beltza», zehaztu du Ugaldek, baina lehen bizipenak umezurztegian bizi izan zituela nabarmendu du, harik eta familia zuri batek adoptatu zuen arte. «Heziketa zorrotza jaso zuen, belztasuna ohikoa ez zen Alemania batean zuri bezala hezi izan nahi zuten, baina berak bere jatorri biologikoaz bilaketak egin zituen, eta aitaren abizena berreskuratu zuen», azaldu du itzultzaileak.
Bere poesiagintzan sustraiekin eta identitatearekin lotutako olerki ugari topa daitezke, baita irakurlea haurtzaroko oroitzapenetara garraiatzen dutenak ere, eta maitasunak eta giza harremanek badute lekua. Baina, batez ere, Ayim garaiko gizartearen zapalkuntza eta arrazakeria azalarazten saiatu izan zen: «Mendebaldeko Berlinen bizi izan zen, jatorri askotako jendea zegoen leku batean, eta berak errezitaldiak eta hitzaldiak ematen zituen. Han ezagutu zuen Audre Lorde, Alemaniako beltzen mugimendua sustatu eta emakumeak antolatu eta beren burua izendatzera bultza zituena».
Hain zuzen, emakume beltzen testigantzak biltzen zituen liburu batean argitaratu zituen lehen poemak, baita testuinguruari lotutako aldizkarietan ere, eta bi poema liburu argitaratzera iritsi zen: 1995ean ‘Zuribeltzeko bluesa’ eta bera hil eta hurrengo urtean, 1997an, argitaratu zen ‘Gau kanta’. Izan ere, gazterik hil zen Ayim, 36 urterekin, bere buruaz beste eginda. «Sona hartzen hasia zen ordurako, baina aitorpena beranduago etorri zitzaion. Bere lekua ematen saiatu dira gerora», aipatu du itzultzaileak. Idazkeran informala eta ahozkotasunerako joera duena, metrikari jaramon gutxi egiten zion hoskidetasuna eta hitz-jokoak baliatu izan zituen, itzultzaileari lana eman diona: «Esanahiaren eta formaren arteko hari fin horretan ibili naiz. Ez du letra larririk edo puntuazio zeinurik erabiltzen eta horrek anbiguotasunak sortu edo, nahi bada, esanahi aukerak zabaltzen ditu; hori izan da beste zailtasunetako bat», ziurtatu du.
Carver-en poesia narratiboa
Harkaitz Canok, bere aldetik, ipuingintzan aski ezaguna den Raymon Carver-en poemak ekarri ditu euskarara. 1938an Oregonen jaioa, gazterik zendu zen Carver ere, 50 urte zituela, eta bere olerkietan, ipuingintzan bezala, nekazal-giroko AEBetara garamatza: «Erakusten digun AEB ez da urbanoa, rurala da, barrukoa, klase ertain-baxukoa. Aitak zerrategian egiten zuen lan eta ama zerbitzaria zen, ez zen unibertsitatetik pasatako idazle horietako bat izan», zehaztu du Canok. Poesiagintza narratiboa jorratu zuen batez ere Carver-ek eta, hala, bere olerkietako asko «ia ipuin laburrak» direla argudiatu du Canok.
Ipuingintzan bezala, poesiagintzan ere familia gatazkak, desamodioa, heriotza eta alkoholismoa dira bere gai errekurrenteenak. Izan ere, edanarekin arazoak izan zituen eta 1997an alkohola behin betiko baztertzera erabaki ostean, bi urtean 200 poematik gora idatzi zituen. Bere bizitzako azken urteetan idatzitakoak dira, askoren ustean, haren lan bikainenak. «Oso poema autobiografikoak dira, bere balizko ni horretatik oso gertu dagoen lehenengo pertsonan daude idatziak, egunkari zatiak balira bezala», argudiatu du Canok, eta «bizitza kontenplatiboari, ezer ez egitearen pozaren aldarri bat» ere badagoela nabarmendu du. Carver-ek ere baduela anbiguotasunetik eta, beraz, berak ere itzultzerako orduan buruhausteren bat izan duela onartu du.
Canok berak Carver eredu hartu izan duela eta itzultzean «lotsa pixka bat» sentitu izana ere aitortu du, «ez nekielako zenbat gauza kopiatu dizkiodan». Amaitzeko, bai Ayim eta bai Carver, «irakurleari eskatu baino gehiago ematen dioten bi autore» direla iritzi du idazle donostiarrak, irakurterrazak, eta poesia irakurtzen ez dutenentzako sarbide aproposa izan daitezkeela ziurtatu du.