naiz

Polizia agenteen irudiak zabaltzea debekatu nahi dute Estatu frantsesean

Jendarmeen segurtasuna babesteko, Asanblea Nazional frantsesak haien irudia zabaltzea debekatuko lukeen lege-proposamena eztabaidatuko du.

«Txaleko horiak» eta Polizia, aurrez-aurre. (AFP)
«Txaleko horiak» eta Polizia, aurrez-aurre. (AFP)

Frantziako Biltzar Nazionalak segurtasunari buruzko lege-proposamen bat eztabaidatuko du datorren asteartetik aurrera. Horren alderdirik eztabaidagarriena da poliziak eta agenteak pertsonalki identifikatzeko aukera emango duten irudiak zabaltzea debekatzea, haien aurkako erasoak saihesteko aitzakiarekin.

«Babesten gaituztenak babestu behar ditut», azaldu du Barne ministroak, Gérald Darmaninek, Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxan (LREM) alderdiak aurkeztutako lege-proposamenaren defendatzaile handienetakoak.

Igande honetan ‘Le Parisien’ egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, poliziek eta jendarmeek jasaten dituzten erasoek justifikatuko lukete lege berria.

Jihadista baten kasuari egiten dio erreferentzia; 2016ko ekainean, polizia-bikote bat hil zuen Magnavilleren etxean, Parisen, haien adin txikiko semearen aurrean.

Horrez gain, interneten emakumezko poliziak bortxatzeko deiak egiten dituzten bideoak eta agenteak fitxatzen dituzten beste batzuk zirkulatzen dabiltzala adierazi du.

«Onartezina da —dio ministro kontserbadoreak—. Gizartearen minbizia agintaritzaren errespetu falta da».

Proposamen hau kritikatzen dutenei erreplika eginez, manifestazioetan agenteak grabatu ahal izango direla dio; ezingo dena da, ordea, «modu maltzurrean» irudi horiek zabaldu.

Gaineratu duenez, herritar batek legez kanpo jokatzen ari diren polizia edo jendarmeen irudiak baldin baditu, «oso minoritarioa da, baina gerta daiteke», Justiziarengan jo behar du hori salatzeko, eta epaitegiek eman behar dute iritzia.

Darmaninek «elite intelektualei» leporatzen die «segurtasun indarren eta Errepublikaren aldeko edozein neurri sistematikoki gaizki ikustea».

Kazetariak, kontra

Kazetari-elkarteek eta zenbait GKEk, hala nola Giza Eskubideen Ligak, asteak daramatzate legegintza-ekimen hori salatzen. Aurrera ateraz gero, penalki erreprimituko du segurtasun-indarretako agente baten irudia edo edozein identifikazio-elementu edozein modutan zabaltzea.