«Gertatzen dena gertatzen dela» haien dendak irekiko dituztela iragarri dute Ipar Euskal Herriko dendariek, besteen artean, Pirinio Atlantikoetako parlamentariei eta prefetari igorri dioten gutun ireki baten bitartez.
Azaroaren 4an Hervé Jonathan suprefetarekin bildu ziren dendarien ordezkariek jakinarazi dutenez, abenduaren 1ean dendak irekiko dituzte, Gobernu frantsesak egun horretan egin behar dituen iragarpenak edozein direla ere.
Cathy Guegun Baionako merkatarien elkarteko lehendakaria, Serge Isteque Biarrizko Merkataritza Bulegoko lehendakaria, Georges Strullu enpresa txiki eta ertainetako Konfederazioko (CPME64) presidentea eta, Carine Pouli eta Peïo Guelot, Ipar Euskal Herriko artisau eta merkatarien kolektiboko ordezkariek sinatu dute ordezkari anitzei igorri dieten gutuna. Lehenak FranceBleu irratian jakitera eman duenez heldu den larunbatean mobilizazio berria eginen dute Biarritzen.
Gutunaren sinatzaileek aitortzen dutenez, «oso kontziente» dira egun bizi den osasun egoera larriaz, eta orain artean bezala, neurriak zorrotz betetzen jarraitzekoa asmoa dutela azpimarratu dute. «Ikerketeen arabera, enpresa txikiek birusaren zabalkundean eragiten ez duten arren, segurtasun neurri guztiak betetzen ditugu», ohartarazi dute.
Ezarri beharreko neurriak orekatu behar direla uste dute dendariek, egungo neurriek internet bidezko salmenta sustatzen baitute, eta Amazon bezalako multinazionalek pandemia hasi zenetik irabaziak bikoiztu dituztela oroitarazten dute.
Azaroaren 12an Jean Castex lehen ministroak, konfinamendua «gutxienez abenduaren bata arte» luzatuko dela iragarri zuen. Besten artean, dendari txikiek haien ateak ireki ahal izango dituzten iragarriko du Gobernu frantsesak abenduaren batean, baina dendariak ez daude zain egoteko prest.
«Zein bidegabekeria egin dugu zigorra merezitzeko?» galdetzen dute dendariek eta abenduaren batean Gobernu frantsesak egin ditzakeen iragarpen inguruan honakoa erantzuten dute Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko merkatariek: «Hartzen den erabakia edozein dela ere, guk lan egin nahi dugu, eta beraz, gertatzen dena gertatzen dela, guk gure dendak irekiko ditugu, abenduaren batean, hau da, bigarren itxi aldi honetako 35. egunean».
Herriko etxeak dendariekin bat
Urriaren 30ean indarrean jarri zen konfinamendua dendari txikientzat kolpe gogorra izan dela kontuan hartuta, herriko etxe batzuek hainbat egitasmo abiarazi dituzte dendari txikiei laguntzeko.
Biarritzen doan aparkatu ahal izango da dendak itxiak diren bitartean (lurpeko aparkalekuetan salbu), Hazparnen bertako produktu freskoak erosteko aukera asteko egun guztietara zabaldu dute, Bidarten bertako dendariek haien burua aditzera eman eta produktuak saltzeko erakusleihoa eskaini die udalak, Baionan Treza aplikazioa doan erabili ahal izango dute dendariek, Donibane Lohizuneko herriko etxeak ere dendariei laguntzeko neurriak hartuko ditu, eta abar.
Hazparnen astearte eta larunbat goizetan baino ez zen irekitzen merkatua urriaren 21 arte, baina Euskal’halles merkatua ireki zenetik egunero bertako produktuekin hornitzeko aukera dute herritarrek, izan ere ahalik eta produktu gehien eskaintzeko dendez osatutako denda handi bat eraikitzea da egitasmoaren funtsa.
«Esfortzu handia egin dugu eta egun bateko irabazi handiak baino, bezeroen maiztasuna da bilatzen duguna», azaldu dio Mediabaski Jerome Tellecheak, egitasmoaren sustatzaileak.
Baionako udalaren laguntzari esker, merkatuko dendetan eskaria egin eta etxean doan jasotzeko aukera ireki zen jada lehen konfinamenduan eta orain ere gauza bera egiten ari dira. Hau da, bezeroak telefonoz edo mezu bidez egiten du eskaria eta etxean edo lekuan bertan jasotzen du galdegindakoa.
Berriki, gainera, Baionako udalak beste urrats bat eman du. Azaroren hamaikan Jean-René Echegaray auzapezak egin zuen agerraldian jakin arazi zuenez, Baionako udalak "Treza" aplikazioarekin akordio bat sinatu du. Ondorioz, bertako dendariek aplikazio hori doan erabili ahal izango dute.
Eskari bat egin eta eskatutako produktuak dendan jaso ahal izateko sistema bat da, dendarientzat lagungarri izan daitekeena. Aplikazioaren sortzailea den Bruno Rodriguezek honela azaltzen du baliabide berria: «Bertako dendarien eskaintza eta kontsumitzaileen beharrak lotzen dituen sareko merkatu bat da».
Jatetxeak bi uren erdian
Tabernak itxiak dira, dendak bezala, baina jatetxeek eskari bidez lan egiten jarraitzeko aukera dute. Ordea, dendari txikien kasuan ez bezala, ez dute laguntza handirik jasotzen.
Flavien Coupé gazteak, adibidez, kide batekin batera Bar Basque ireki zuen uztailaren 4ean Baionako Espagne karrikan, eta urriaren 29an, gainontzeko taberna eta jatetxeek bezala ateak itxi behar izan zituzten.
Herriko etxeak terraza jartzeagatik eskatzen dien diru saria kendu die, baina ez dute bestelako laguntzarik, horregatik, taberna itxita egon arren bazkariak banatzeari ekin zioten. «Egunero menu desberdina eskaintzen dugu 13 eurotan, eta jendeak deitzen digu esateko zein ordutan pasako den eta zenbat lagunentzako bazkaria nahi duten», azaldu du Flavianek.
Bar Basqueko sukaldariak azaldu duenez, ez dute erosketak egiteko arazorik izan, bertako hornitzaileekin lan egiten baitute, ordea jendea erakartzeko zailagoa dela aitortzen du, internetek eskaintzen dizkien baliabide guztiak erabilita ere, Flavianen iritziz, «ez da gauza bera».