NAIZ

Jaione Jauregi hurrengo bi hilabeteetan Espainiaratuko dutela esan dute espainiar agentziek

2004an, 2005ean eta 2015ean Auzitegi Nazionalak aurkeztutako eskaerei ezetza eman ondoren, orain baliteke Belgikako auzitegiek Jaione Jauregi Espainiaratzea, Madrilek zenbait berme eman ondoren. Hori diote espainiar agentziek.

Iheslari politikoak etxeratzearen aldeko ekitaldia Orion 2018n. (Jon URBE | FOKU)
Iheslari politikoak etxeratzearen aldeko ekitaldia Orion 2018n. (Jon URBE | FOKU)

Duela lau hamarkada jada iheslari dabil Jaione Jauregi Espina, espainiar jazarpenari aurre eginez. Nazioarteko atxilotze agindua emanda, 2013an atxilotua izan zen azkenekoz belgikar estatuko lurraldean eta geroztik estradizioa lortzeko saiakera ugari egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, inoiz lortu gabe. Duela aste pare bat Ganteko auzitegi batek atera ireki dio berriz aukera horri eta espainiar ajentziek bi hilabeteko epean gauzatuko dela ziurtatu dute gaur asteartean.

Azken erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen Paul Bekaert abokatu aski ezagunak (Carles Puigdemont-ena ere izan da) baina Ganteko auzitegi nagusiago batek errefusatu duela adierazi dute. Beti ere espainiar ajentzien ustez, jada ez litzateke Espainiaratzearen aurka egiterik izango. Eta bi aukera lirateke: estradizioa hamar egunetan gauzatzea, Jauregik honela onartuko balu, edo bi hilabeteko epean. Bere defentsaren bertsioa ez dute jaso informazio hauek.

Bien bitartean, leporatzen zaion auzia daraman Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak bi berme eman omen dizkio Ganteko auzitegiari: Jauregi ez dutela inkomunikatuko eta Madrilera heltzean konfidantzazko abokatua izango duela.

1981. urtean ETAk Bizkaian eginiko atentatu bat egozten orain Jauregiri Madrilen. Gogoratu behar da urte hartako beste ekintza bati zegokion auzia itxi egin zuela Auzitegi Nazionalak aurtengo otsailean, gertatutakoa jada preskribaturik zegoela onetsita.

Aurretik saiakera hauetako batean ezetz borobila eman zioten belgikar Estatuko auzitegiek Auzitegi Nazionalari, torturaren arriskua aipatuz. Espainaraituz gero Jaione Jauregiren eskubideak agian ez zirela errespetatuak izango argudiatu zuen Ganteko auzitegi batek eta erabakia berretsi egin zuten Bruselan.