1500 dantza ikasle Kontxako Barran

Data

25.04.05 - 25.04.06

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Dantzari gazteak, barrari heltzeko prest.
Dantzari gazteak, barrari heltzeko prest. (Gorka RUBIO | FOKU)

Dantzaren Nazioarteko egunari lotuta, Dantzaren Hilabetea ari da ospatzen Donostian eta, urtero legez, Dantza Kalean egitasmoari jarraiki ehunka dantzari aterako dira Gipuzkoako hiriburuko kaleetara, aretoetan erakutsi ohi dutena oinezkoen aurrean paratzeko.

Apirilaren 5ean, larunbatarekin, Alderdi Ederreko lorategiaren inguruko esparrua bereganatuko dute 17.00etatik aurrera Gipuzkoako 13 dantza eskolatako ikasleek, 281 dantzari orotara, hainbat dantza estilotako piezak interpretatuko dituztenak: dantza garaikidea, jazza, neoklasikoa, urbanoa, aurredantza eta street jazza, besteren artean.

Igandearekin, apirilak 6, urteroko klasikoaren txanda iritsiko da: Kontxako Barandako ekitaldia. Izen bereko hondartza inguratzen duen barandari lotuta, ia 1500 dantza ikaslek ballet erakustaldia eskainiko dute. Txikien Baranda 16.00etan abiatuko da, Nautikoko Klubetik Cafe de la Concharaino; Ertainen Barra leku berean kokatuko da 16.45etatik aurrera eta Nagusien Barrak, aldiz, Nautikoko Klubetik Antiguako tunelera bitarteko esparrua hartuko du, 17.40etatik 18.25era bitartean.

Guztira 31 irakasleren 1476 ikaslek parte hartzea aurreikusten da, gehienak gipuzkoarrak (Andoain, Astigarraga, Donostia, Hondarribia, Irun, Pasai Antxo, Errenteria eta Tolosa’, baina baita Bizkaikoak ere (Ondarroa eta Lekeitio).  

1997an lehen aldiz egin zenetik, ezinbesteko hitzordua bihurtu da Kontxako Barandako barra klasikoko erakustaldia, baita Dantza Hilabetearen barne dauden jarduera ospetsuenetariko bat ere. Ikasle eta irakasleek kalera aterako dute ohiko barra-ikastaldia.

Kokapena

Kontxa pasealekua
Kontxa Pasealekua
Donostia. Gipuzkoa