80 emanalditik gora eskainiko ditu Artedramak ‘Miñan’ antzezlanarekin

Data

24.10.18 - 25.04.26

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Ibrahima Balderen bizipenak ditu ardatz liburuak eta orain antzezlanak.
Ibrahima Balderen bizipenak ditu ardatz liburuak eta orain antzezlanak. (ARTEDRAMA)

Gure herrian eta mundu zabalean oihartzun handia izan duen liburu bat taula gainera ekarriko du Artedramak. Erronka handia da horren ezaguna egin den testu bat –Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzalllusek idatziz kontatutako ‘Miñan’– antzerkira egokitzea. Azaldu dutenez, migrazioa eta arrazakeriaren gaiak ardatz hartuta, ikusle gazteengan jarriko dute arreta batez ere. Ander Lipusekin batera oholtza gainean jokatuko duten aktore gazteen indarrak –Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye– haize berri bat ekarriko dio euskal eszenari: «Gizarte zabal, anitz eta normalizatu baten ispilu izango gara».

Timberlake Wertenbaker dramagileak egin du egokitzapena. Aitortu duenez, liburua irakurri eta berehala pentsatu zuen antzezlan garrantzitsua izan zitekeela, ahotsagatik. «Ibrahimak ahots berezia dauka, sakona, hunkigarria, eta guk berarekin jarrai dezakegu bere bidaia gogorra».

Ander Lipusek zuzendu du obra, Manex Fuchs izan da aktore zuzendaria, eta Philippe Ducou, aldiz, zuzendari laguntzailea eta koreografoa. Jose Pablo Arriaga (eszenografia), Ikerne Gimenez (jantziak), Oier Ituarte (argiztapena) eta Aitor Agiriano (musika) dira 20-25 laguneko lantaldeko beste izen batzuk.

Joan den ostiralean Luhuson aurreestreinaldia egin ondotik, Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da ‘Miñan’ ostiral honetan, 19.30ean. Larunbatean, beste emanaldi bat eskainiko da toki berean, baina 19.00etan, eta igandean, Oiartzungo Landetxen emanen da, ordu berean.

Azarorako beste hainbat emanaldi daude lotuta: Azpeitia (1ean), Hendaia (2an), Larresoro (3an), Barakaldo (7an), Zumaia (8an), Leitza (10ean), Hernani (12an), Donostia (15, 16 eta 17an), Santurtzi (21ean), Elorrio (22an), Gernika (23an), Lezo (24an), Durango (28an), Ermua (29an) eta Berriz (30ean).

Abenduan, honako hitzorduak daude finkatuta: 1ean Arrasaten, 3an Urnietan, 4an Agurainen, 5ean Zarautzen, 7an Lesakan, 12an Igorren, 13an Zornotzan, 14an Urkabustaizen, 15ean Villabonan, 20an Getxon, 28an Antzuolan eta 29an Errenterian.

2025erako ere hasi dira emanaldiak antolatzen: urtarrilaren 17an Elgoibarren, 24an Bermeon, 25ean Lasarte-Orian, 26an Oñatin, 31n Andoainen, otsailaren 12 eta 13an Gasteizen, 14an Tolosan, martxoaren 9an Eibarren, apirilaren 26an Aulestin.

Dagoeneko 80 emanaldi dituzte lotuta eskoletakoak barne, eta gehiago daude bidean.

Webgunean lor daiteke informazio gehiago, baita sarrerak eskuratu ere.

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau.

Kokapena

Arriaga Antzokia

Bilbo. Bizkaia