Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge eta Galder batu dira EHZren kartelera

Data

25.06.27 - 25.06.29

Lekua

Nafarroa Beherea - Arberatze-Zilhekoa

Iaz Arberatzek erakutsi zuen irudia.
Iaz Arberatzek erakutsi zuen irudia. (Guillaume FAVEAU)

Pixkanaka osatuz doa Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren kartela. Aurrez iragarrita zeuden taldeei honakoak batu zaizkie: Xiberoots, Olaia Inzierte, Hop Hop Hop Crew, Henge eta Galder.

Egitaraua osatuko duten eduki gehiago ere iragarri dituzte. Euskal Herria Zuzenean elkarteak hainbat ekimen eta jarduera antolatzen ditu urtean zehar. «Aurten ere, azken hiru urteetan bezala, Euskal kultura eta EHZren aurkezteko saio pedagogiko eta ludikoak antolatu ditugu, dohainik, Ipar Euskal Herriko hamabost bat ikastetxeetan. AEKko ikasleeri ere saio horiek emanak izanen zaizkie», esan dute.

Bestalde, apirilaren 23an, Jon Urzelai Urbieta idazlearekin mintzaldi bat antolatzen dute, joan den urtean plazaratu duen ‘Su Festak’ liburutik abiaturik. «Musika festibalek Euskal Herrian eta beste lurraldetan izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak, gaur egungo jendartearen ezaugarriak ardatzat hartuz: gerra ondoko kontsumo gizartearen garapena, transgresioaren lilura, gaztetasunaren asmakizuna, folklorizazioa, gentrifikazioa, urbanoa irentsi nahi duen urbanismoa...Makro festibal gehienetan ‘marka bat eraiki nahi [dela], ez herri bat’ azpimarratzen du bere liburuan. Harekin, baina, gogo kolektibo garaikidea taupadaka nun den ere bistaratu du, nun ari den tradizioa berritzen, nun komunitateak bere burua berasmatzen duen. ‘Oro ez baita erre usaina oraino...’».

«Nola kokatzen da EHZ Euskal Herriko eta beste lurraldeetako festibalen artean? Zerk osa lezake festibalaren alternatiba? Nolako eta zertarako festibala antolatu nahi dugu? Galdera horien inguruan hausnartzeko parada izanen da», zehaztu dute. Hitzordua apirilaren 23an, Amikuzeko Ikastolan Donapaleun, 19.00etan (mintzaldia zuzenean frantsesera itzulia izanen da).

‘Lurraren erritmoa’ lemapean eta Arberatze Zilhekoan iraganen da aurten EHZ festibala ekainaren 27, 28 eta 29an. Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia ta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance eta Maskak... partehartzaileen zerrenda luzea eta anitza da.

«Orotariko musika estiloak oholtzara eramanen ditugu, doinu eta adierazpen mota ezberdinak taularatuz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz», iragarri dute sustatzaileek.

Egunean zehar, Arberatzeko plaza denentzat irekia egongo da eta bertan orotariko animazioak izango dira (zirko, kontzertu, haurren xokoa...). «Azken urteetan bezala, mintzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak antolatuak izanen dira hainbat gairen inguruan. Eguneko programazioari doakionez, Cie Choari eta Queer Falafel artistak izanen ditugu», diote. 

Arratsetik goiti, bi eszenatan banatua izanen da pentzea eta bertan segituko dute kontzertuek.

Era berean, edizio berri honetan azken bi urteetako ildoari segida eman eta hainbat aurkezpen egiten jarraituko dutela ere nabarmendu dute: «Euskal kultura eta Euskal Herria Zuzenean festibala aurkezteko saioak antolatu ditugu Iparraldeko ikastetxe anitzetan», iragarri dute, eta besteak beste, Etxepare, Villa Pia, Saint Thomas, Cassin eta Navarre lizeotan saioak izango direla jakinarazi dute.

Jaialdiaren sustatzaileek oroitarazi dute ehunka laguntzaile eta militantek egiten dutela EHZ posible. «Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea EHZren oinarrizko baloreak dira», diote.

Maiatzean laguntzaileen izen-emate formularioa irekiko webgunean. Hiru eguneko bonoak 53 eurotan salgai dira webgunean, maiatzaren 6a arte (63 euroan izanen dira hortik aitzina). Egunez eguneko sartzeak maiatzaren 6tik aitzina salgai izanen dira.

Urtez urte

Gogora ekarri dute baita ere EHZ jaialdiak orain artean egindako ibilbidea: «Arrosako zolatik Arberatzeko plazara bidea luzea egina du EHZk. Idauze-Mendi, Heletan, Lekorne eta Irisarrin barna, munduko herrien zein orotariko jende, doinu eta borroken topaleku izan da».

Festibalaren baloreak eta belaunaldi berrietan eragiteko nahia ere utzi dute agerian: «Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko xedearekin».

Zentzu horretan, EHZ posible egiten dutenak bolondres festibalaren alde lan egiten duten «ehundaka laguntzaile eta militanteak» direla ziurtatu dute, baita «auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea» direla EHZren oinarrizko baloreak ere. Hala, maiatzean laguntzaileen izen-emate formularioa irekiko dutela jakinarazi dute, ehz.eus webgunean.

Azkenik, iragarri dute astearte honetatik goiti 3 eguneko bonoak 53 euroan salgai direla ehz.eus webgunean, maiatzaren 6a arte (63 euroan izanen dira hortik aitzina). Egunez eguneko sartzeak maiatzaren 6tik aitzina salgai izanen dira.

Sold-out kulturatik at

Azpimarratzekoa da EHZ ez dela sold-out kulturan sartuko. «Ondorioz denentzat lekua izanen dela iragartzen dizuegu. Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin», adierazi dute.

Makrofestibletatik haratago, hemengo (h)erritmotik eraikitzen da EHZ. Hala nabarmendu dute. «Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo. Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek landatu dute EHZ, elkar trukea, auzolana eta autogestioa oinarri harturik. Lurraren (h)erritmoari esker ereinen dugu EHZ!», gaineratu dute.

Ohikoa den moduan, Ipar Euskal Herriko hainbat puntutik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituzte.

Irisarritik Arberatzera

Irisarritik Arberatzera egin zuten jauzi iaz. «Amikuze eskualdera joan zen festibala euskal kulturaren eta herri dinamikentzat emankorrak diren lurretan haziak ereitera. Lurra bezala, EHZ aberasten da eta etengabeko kimu hazkuntzan denez, Irisarritik Arberatzera joan zen festibalaren eta herri baten erritmoak uztartzera. Kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazio nehoiz baino bortitzagoa den garaiotan, EHZ-k landuriko lurrak emankor izaten segitzen du, landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz, Amikuze eskualdeko biztanleekin batera».

Aurten ere ziklo desberdinez osatu da EHZ. «Funtsean, urte anitzez loratuz joan, eta lekuz aldatu behar izan du barnebiltzen dituen antolaketa talde eta laguntzaileen belaunaldien joan-jinen erritmora. Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan zehar, salgai izan gabe».

Kokapena

Arberatze
Arberatze
Arberatze-Zilhekoa. Nafarroa Beherea