Bertso Eguna urtarrilaren 25ean egingo da Lesakan

Data

25.01.25

Lekua

Nafarroa - Lesaka

2025eko Bertso Eguna iragartzen duen kartela.
2025eko Bertso Eguna iragartzen duen kartela. (NAIZ)

Euskal Herriko bertsozaleek hitzordu berria dute, urtarrilaren 25ean Lesakan egingo den Bertso Eguna. «Azken urteotan egin den moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere eta Lesakan batuko gara bertsozaleok. 
Urtarrilaren 25ean izango da bertsoaren festa handia, eta egun osoko plana ari gara antolatzen. Goizetik hasita egun guztiko egitaraua izango da, bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzerain», iragarri dute sustatzaileek.

Eguneko plana

10.00etan jarri dute hitzordua. Oinak Bidean ibilbidea egingo da Harriondoatik hasita. Ondoren, bertso-poteoa egongo da eta hainbat bertso eskolatako kideek kantatuko dute. Eguerdian luntxa egingo da Arranon, 14.30etik aurrera.

Arratsaldeko jaialdian bertso gehiago entzuteko aukera izango da: ‘XXI mende, 25 (H)illbetz bertso’ saioa izango da Harriondoan. Kantuan, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Peru Abarrategi Sarrionandia ariko dira; gai-jartzaile lanetan, berriz, Alaitz Rekondo Ferrero.

Saio ostean ere izango da festa giroa. 20.30etik aurrera, afaria egongo da sagardotegian. Eta afalostean, Manex Pagola eta Hor gu-ren bertso jarriak izango dira. Eguna biribiltzeko, DJ-a egongo da Arranon.

Arratsaldeko ekitaldirako zein afarirako sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian. Ekitaldiko sarrerak 12 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideentzako 10 euro eta gazteentzako 8 euro; afaria, berriz, 36 eurokoa izango da.

Ibilbidea


Egun, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da, baina ez da beti horrela izan. Bertso Eguna, bere horretan, 1995etik antolatzen bada ere, hiru hamarkada lehenagotik ere ospatzen zen tankerako jaia: 1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria, Bertsolari Eguna.

Bere izenarekin bat, hasiera hartan garaiko hainbat bertsolari omentzeko eguna izaten zen: Donostian antolatzen zen. 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen egunaren antolakuntza, Donostiako Udalarekin elkarlanean betiere. Horrela izan zen, harik eta 1995ean izena eta formatu aldatu zituen arte: Bertsolari Egunetik Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta omenaldi kutsua alde batera utzi zuen.

«Bertso Egunaren hurrengo pausoa izan zen, gaur egungo formara iritsi arte, Donostia utzi eta herrialdez herrialde mugitzea: 2018tik aurrera horrela da, herrialde osoan eragitea baitu helburu. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan genituen, eta 2023an egun osoko plana antolatzeari ekin genion berriro ere», gogoratu dute antolatzaileek.

Kokapena

Harriondoa Kultur Etxea
Antoiu Kalea, 11
Lesaka. Nafarroa