Bilboko Arte Liburu Azoka 40 salmahairekin eta espazio berriarekin dator
Data
24.12.13 - 24.12.15
Lekua
Bizkaia - Bilbo
Bilboko Arte Liburu Azokak abenduaren 13tik 15era egingo du edizio berria Banizu Nizuke kultur elkartearen eskutik. 40 stand izango ditu aurten, aurkezpenez, hitzaldiz,tailer espezializatuz eta kontzertuz osatutako egitarauarekin.
Aurtengo nobedade nagusia Bilboko erdigunerako itzulera da, La Granja kafe-taberna zaharraren espaziora. «Horrela, BALAk bere espiritu nomada berreskuratzen du, eta hiriko espazio enblematikoak konkistatzen ditu behin egin zuen bezala Bilboko Plaza Biribileko kafe mitikoaren instalazioekin», diote.
«Pieza paregabeak»
Ale artistikoen erakusketa eta salmentari eskainia da BALA. «Asteburu batean, publikoak argitaletxe, fanzine eta artisten lanak ezagutu eta erosi ahal izango ditu. Bertako zein nazioarteko argitaletxe eta egileen presentzia iragarri dute antolatzaileek. Salmahaiek nobedadeak eta askotariko materiala eskainiko dituzte. «Horietako asko pieza paregabeak izango dira, ohiko kanalen edo liburu-denden bidez lortzen zailak direnak. Liburuak eta komikiak, laminak, fanzineak, cassetteak, kamisetak eta abarreko material bereziak erosi ahal izango ditugu», aurreratu dute.
Besteak beste, Voltaire Lab, Mabel Esteban zeramikaria, Brillo Editorial, Jan Barcelo serigrafoa, Arte Mistoen Laborategia eta Nagore Legarreta argazkilaria bezalako proiektuen aurkezpenak izango dira programan. Nina Izycka (Polonia), Lupemacanudo (Bolivia), Julie Legrand (frantziar Estatua), Lafat Bordieu (Txile) eta Neoglyphic Media (AEB) ere Bilbon aurkituko ditu bisitariak.
«Formatu konbentzionalak gainditu eta liburuaren esperimentazioaren eta ikerketa artistikoaren eremuetan objektu, pieza bakar edo tirada bereziko gisa barneratzen diren edizio moduei» eskainitako asteburua da.
Standak 16.00etatik 21.00etara izango dira ostiralean, 11.00etatik 21.00etara larunbatean eta 11.00etatik 18.00etara igandean. Sarrera doan da.
Standez gain, BALA programazioa ostiralean hasiko da, 18.00etan, David Hornback estatubatuarraren argazki estenopeikoari buruzko hitzaldi batekin, ANT Espazioko ‘Vis a vis’ koadernoetara hurbilketa batekin eta Mabel Estebanen ‘Algunas criaturas de agua’ eta ‘La muda’ komikien aurkezpenarekin.
Larunbateko topaketak etengabeko formatuan izango dira, 30 minutuko aurkezpenekin. 12.00etan hasiko dira Voltaire.lab serigrafia gunearen aurkezpenarekin. Brillo Editorial eta Jan Barcelo serigrafoak jarraituko dute goizean. 18.00etatik aurrera, Laboratorio de Artes Mixtas de Guadalajararen, Nina Izycka artistaren eta Lupemacanudo editore boliviarraren txanda izango da. Joseba Irazoki musikariaren kontzertuak itxiko du eguna.
Igandean 12.00etan hasiko da BALA, Nagore Legarreta argazkilariak Indiara egindako bidaiarekin. Ondoren, Maria Urcelayren ‘Un ratito’ bakarrizketa komiko, eldarniozko eta aldarrikatzailea eskainiko du eta Ibon RG musikari esperimentalak ere bere saioa egingo du.
Kokapena
La Granja Kafe-taberna
Plaza Biribila, 3
Bilbo. Bizkaia