Denbora ardatz hartuta dator Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa
Data
25.01.09 - 25.03.30
Lekua
Araba - Gasteiz
Zinema eta Zientzia zikloa abian jartzera doa. Bi diziplinak lotzen dituen hariak sendoak direla erakutsiko du egitasmoak, beste behin.
Gizarte-zientziak lehen aldiz sartu dira egitarauan. Denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema).
Horrez gain, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatutako egitasmoan publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Gaur Donostian egin den prentsaurrekoan, honako ordezkariek hartu dute parte: Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ricardo Diez Muiño, DIPCko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Adolfo Morais, Lakuako Gobernuko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; eta Andoni Iturbe, Lakuako Gobernuko Kulturako sailburuordea.
Ekitaldian izan dira, baita, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Beatriz Herraez, Artium Museoko zuzendaria.
Zikloak, lehenbiziko ediziotik bertatik, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea hartu zuen xedetzat, eta honela definitu du Joxean Fernandezek: «Artearen eta jakintzaren ospakizuna da; filmei kalitatea eskatzen diegu, beti bezala, baina baita, kasu honetan, begirada zientifiko estimulatzailea pizteko gai izatea ere. Eta, hori lortzeko, aparteko zinemagile- eta zientzialari-sorta dugu».
Bestalde, Diez Muiñok gogora ekarri du «zikloak publikoaren artean duen arrakasta, 5.600 ikusle baino gehiago izan baitzituen 2024. urtean», eta nabarmendu du «zinemaren eta zientziaren arteko uztarketak» aukera eman duela, alde batetik, «zientzia kulturaren parte dela eta berez giza jarduera bat dela erakusteko, eta, bestetik, zinema-sorkuntzei begirada ezberdin eta original bat emateko, haien esanahia aberastuz».
Zikloa ostegun honetan, urtarrilak 9, abiatuko da Artium Museoan, ‘The Theory of Everything’ –La teoría del todo– filmarekin (James Marsh, 2014). Film horretan, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar. Aurkezlea, Donostian (10) eta Bilbon (11), Pedro Miguel Etxenike izango da, DIPCko presidentea.
Gasteizen (urtarrilak 9) eta Iruñean (urtarrilak 14), aurkezlea Arantzazu Garcia Lekue izango da, DIPCko Ikerbasque ikertzailea eta Programa Estrategikoen zuzendaria. Klasikoen artean honako hauek nabarmentzen dira aurten: ‘The Time Machine’ –Denboraren makina– (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua. Denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu zuen Wellsek. Saio bikoitz batean, ‘Frankenstein’–El doctor Frankenstein– eta ‘The Bride of Frankenstein’ –La novia de Frankenstein– (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta ‘The Thing’ –Gauza– (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan.
Film berriagoak ere programatuko dira, hala nola ‘High Life’ (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena, besteak beste; ‘Everything Everywhere All At Once’ –Dena batera leku guztietan– (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbit bat; eta ‘Le Théorème de Marguerite’ –El teorema de Marguerite– (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua (Emakumeak Zientzian ekimenaren testuinguruan).
Hainbesteko zabalkunderik izan ez duten lan batzuk ere proposatzen ditu Euskadiko Filmategiak: ‘Kampen om tungvannet’ –La batalla del agua pesada– (Jean Dreville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat, zeinak hurbilduko baikaitu Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa lortzeko izandako lasterketara; ‘Djúpiò’ –The Deep– (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma; eta ‘Vincere’ (Marco Bellocchio, 2009).
Azken horretan, Benito Mussoliniren boterera igoera kontatzen da, haren lehen emazte Ida Dalser-en historiaren bitartez. Hala, gizarte-zientziak sartu dira lehen aldiz ziklo honetan, eta Julian Casanova eta Antonio Rivera historialariek helduko diote faxismoak bi mundu-gerren arteko denboran izan zuen gorakadaren gaiari.
Azkenik, Zinema eta Zientzia sailean, ‘Erin Brockovich’ emango dute (Steven Soderbergh, 2000). Bertan Julia Robertsek ingurumen ekintzaile baten papera jokatzen du. Baita ‘La Maladie de Sachs’ –Las confesiones del doctor Sachs– (Michel Deville, 1999) ere, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorra. Dohaintzat entzuteko gaitasuna duen herri-mediku baten bizitza kontatzen da. Emanaldi hau, BioGipuzkoarekin batera antolatu da.
Programa osoa Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean proiektatuko da, eta Donibane Lohitzunen, berriz, hauek: ‘Vincere’, ‘Une merveilleuse histoire du temps’, ‘Le Théorème de Marguerite’, ‘Gravity eta La Bataille de l’eau Lourde’.
Filmen aurkezleak honako hauek izango dira: Pedro Miguel Etxenike (UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun emeritua eta DIPCko eta CFMko presidentea); Arantzazu Garcia Lekue (fisikaria, Ikerbasque Professor irakaslea eta DIPCko Programa Estrategikoen zuzendaria); Maria Navarro Gastiasoro (fisikaria, DIPCko ikertzailea material kuantikoetako supereroaletasun exotikoan eta korrelazioan); Antonio Rivera (Historia Garaikideko katedraduna EHUko Letren Fakultatean); Julian Casanova (Historia Garaikideko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean eta irakasle bisitaria Vienako Central European Universityn); Juan Ignacio Perez Iglesias (Biologian doktorea eta Fisiologiako katedraduna EHUn, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntzako sailburua); Antonio Casado da Rocha (ikertzaile iraunkorra UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailean); Iraia Muñoa (bioteknologoa, EHUko Ugalkortasun Taldeko ikertzailea); Anna Rubio (Ozeanografia Fisikoko doktorea, AZTIko Ozeanografia Operazionaleko taldearen koordinatzailea eta ikertzaile nagusia); Ainhize Barrainkua (Fisikan eta Ingeniaritza Elektronikoan graduatua EHUn); Daniela Moreno (doktoretzako ikaslea Basque Center for Applied Mathematicsen –BCAM– eta EHUko CFD-MS taldean); Fernando Cossio (EHUko Kimika Organikoa saileko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa); Ana Galarraga (Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua, Elhuyar aldizkariaren zuzendaria); Rafael Rotaeche (Gipuzkoako Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatearen eta ESIen arduraduna); Miren Cajaraville (Zelulen Biologiako katedraduna, Ingurumen Toxikologian aditua); Xabier Lopez (kimikaria, UPV/EHUko katedraduna eta DIPCko kidea); Mikel Pagadi (telebistako gidoigilea eta aurkezlea); Daniel Sánchez Portal (CSIC-UPV/EHUko Materialen Fisikako Zentroko fisikaria eta DIPCko kidea); Silvina Cerveny (Materialen Fisikako Zentroko CFM CSIC-UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko kidea); Idoia Garcia de Gurtubay (UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako doktorea eta DIPCko kidea); Javier Aizpurua (físikaria, Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoa eta DIPCko Ikerbasque ikertzailea); eta Didier Roux (fisikari eta kimikaria eta Château Observatoire Abbadiako kidea).
Hainbat jarduera
Julian Casanova historialariak, Donostian eta Bilbon ‘Vincere’ (Marco Bellocchio, 2009) aurkezteaz gain, ‘Faxismoaren hazia’ izeneko doako hitzaldia emango du Donostian. Urtarrilaren 24an izango da (ostirala), 18.00etan, Tabakalerako Z aretoan, filma proiektatu aurretik (ekitaldi bat eta bestea ez daude ezinbestean lotuak).
Martxoaren 11an, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, ‘El misterio de los cristales gigantes’ emango da (Javier Trueba, Juan Manuel Garcia-Ruiz, 2010), Lurraren sakonean igeltsuzko kristal erraldoiak nola eratzen diren azaltzen duen dokumentala. Aurkezleak Juan Manuel Garcia-Ruiz kristalografian aditua, eta DIPCko Ikerbasque irakaslea eta CSICeko ad honorem ikerketa-irakaslea, eta Javier Trueba, dokumentalaren zuzendaria, izango dira. Ikastetxeei zuzendutako emanaldiak ere izango dira, goizetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. ‘Gravity’ proiektatuko da (Alfonso Cuaron, 2013), euskaraz eta gaztelaniaz azpititulaturik. Aurkezleak DIPCko Kosmos alorreko ikertzaileak izango dira: Leire Larizgoitia, Francesc Monrabal, Lurdes Ondaro eta Sara Ortega.
Sarrerak online erosi ahalko dira, bai eta leihatiletan ere: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe). Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian.
‘Vincere’ filmak (Marco Bellocchio) faxismoaren gorakadaren fenomenoa aztertzen du. ‘The Bride of Frankenstein’ –La novia de Frankenstein– (James Whale, 1935) da aurtengo karteleko protagonista; film hori eta ‘Frankenstein’ –El doctor Frankenstein– (1931) ikusiko dira saio bikoitz batean.
Hogei zientzialari inguru arituko dira publikoarekin eztabaidan urtarriletik martxora bitarteko emanaldietan, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen.
Kokapena
Artium Museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba