Errobiko festibala badator, metamorfosia gaitzat hartuta

Data

24.07.18 - 24.07.21

Lekua

Lapurdi - Itsasu

Parveen Sabrina Khan & Ilyas Raphaël Khan.
Parveen Sabrina Khan & Ilyas Raphaël Khan. (Simon GUYOMARD)

Badator Errobiko festibala. 28. edizioa hartuko du Itsasuk ostegun honetan hasi eta hilaren 21era. Metamorfosien gaiaren inguruan landuko dute jaialdia aurten. Ohikoa den legez, munduko hainbat txokotako artistak ikusi eta entzuteaz gain solasaldiak, ikastaroak, sorkuntzak, musika saioak eta dantza emanaldiak iragarri dituzte antolatzaileek.

«Aroztegia» bezala definitu du Julen Achiaryk jaialdia. 1996an bere gurasoek, ondoan hainbat lagun zituztela, jarri zuten abian Errobiko festibala. «Festibalak egin nau bai pertsona gisa, bai musikari gisa», aitortu zuen jaialdiaren aurkezpenean.

Itsasu «artearen aroztegi bilakatzen da urtero» Achiaryren hitzetan, ohartaraziz arrotz eta arotz hitzek ofizioari eta kanpotik iritsi denari erreferentzia egiten dietela. Izan ere, Errobi ingurura artistak kanpotik ere etortzen dira uztailean.

Elkarguneak sortzen

Festibalean paper garrantzia jokatzen du sortzaileen arteko elkarlanak. Egitarauaren parte bat ere horretara bideratua dago. Musikarien arteko topaketak proposatzen dituzte, adibidez, eta aurten ere hala egingo dute Egiptotik Aya Metwalli kantaria eta Tolosa (Okzitania) aldetik ekarriko duten Yohan Dumas saxofoi jolearen artean.

Artistei zuzenean zerbait sortzeko aukera eman eta gauza izugarriak pasatzen dira sustatzaileen esanetan. Bozen distortsioak eta saxofoiarekin sortu polifonien arteko elkarrizketa izango oraingoan. Gau berean bi talde jotzen ari direnean ere, kantu batean elkarrekin aritzea proposatzen diete, artisten bat-bateko sorkuntzak bultzatzeko nahi dutenen artean.

Publikoarekin ere, elkarrizketa etenik gabekoa da. Ez da mugarik artistaren eta entzulearen artean, eszenaren eta ikusleen artean. Testuinguru horretan dute lekua hitzaldiek. Edizio honetan, estrainekoz, Jeanne Lacaille musika kazetariak gidatuko ditu, eta, antolatzailearen esanetan, «parada dira trukatzeko, galdekatzeko ere gizaki gisa, Euskal Herrian eta harago ere bai». Festibalera gomitatuak diren artista batzuek solasaldietan parte hartuko dute.

Dantzara gonbidatu ditu Itsasura bertaratzen direnak Achiaryk. «Erritmoak jalgitzen badira, pertsonak zutitzen dira, eta dantzan hasten. Hori xerkatzen dugu zinez», esan du.

Ikastaroak

Artistak ikusi eta entzuteaz gain, Errobiko festibalak zenbait arte diziplinatan murgiltzeko aukera eskaintzen du ikastaroen bidez. Bost ikastaro antolatu dira uztailaren 15etik 18ra. ‘Zure boza deskubritu’ izenekoa Marianne Le Tron artistarekin, ‘Georgiako kantu eta bozak’ Zoe Perretekin, ‘txalaparta’ Txomin Dhersekin, ‘Nu-Flamenkoa’ Paloma Pradalekin eta ‘dantza afro-kubatarrak’ Madeline Rodriguezekin.

Egitaraua

Osteguna, uztailak 18. Solasaldia Elizaldian, 17.00etan: Metamorfosiak I. Kontzertuak Atharrin, 21.00etan: Humanophones, Lagon Noir eta Ventu Omirumba.

Ostirala, uztailak 19. Solasaldia Zabaloan, 15.00etan: Metamorfosiak II. Kontzertuak Atharriko oihal etxean, 17.00etan: Parveen eta Ilya Khan, Yeni Gayda, Yarin dantza ikuskizuna Andres Marin eta Jon Maiarekin, Naissam Jalal eta Olaria.

Larunbata, uztailak 20. Solasaldia Zabaloan, 15.00etan: Metamorfosiak III. Kontzertuak Atharriko oihal etxean, 17.00etan: Aya Metwalli eta Yohan Dumas, Sourdurent, Paloma Pradal, Votia eta Ngasa Ngasa.

Igandea, uztailak 21. Itsusiko peñetan ibilbide artistikoa. Abiatzea 11.00etan, Itsasuko haurtzaindegian.

Xehetasun gehiago webgunean.

Kokapena

Itsasu
Itsasu
Itsasu. Lapurdi