Euskal Eskultura Azokak 88 sortzaile eta 160 artelan bildu ditu Durangon
Data
24.12.05 - 25.01.05
Lekua
Bizkaia - Durango
Ricardo Ugarte, Dora Salazar, Iñaki Ruiz de Eguino, Marijose Recalde, Roscubas Anaiak, Jon Iñaki Ormazabal, Paul Montague, Iñaki Olabarri, Anton Mendizabal, Imanol Marrodan, Carmen Gancedo, Ana Harraez, Arantza Arratibel… zerrenda luzea da. Denera Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko 88 eskultore elkartu dira Euskal Eskultura Azokan. Izen handiko artistak eta hasi berriak, elkarrekin.
Euskal Eskultura Azokak ateak irekita ditu Durangoko Gandarias aretoan urtarrilaren 5a bitartean. Euskal Herriko 88 eskultore biltzen ditu. Denera 160 lan aurkituko ditu bisitariak. Gaur egungo sorkuntzaren lagin oparoa eskaintzen du bi urtean hitzordu garrantzisua bilakatu den Basarte erakusketak.
Bigarren aldiz antolatu dute aurten eta Euskal Herrian egiten den eskultura erakusketarik handiena da. Bi espazio hartzen ditu erakusketak Gandarias Aretoan (Arkotxa kalea 6, Durango). Guztira ia 800 metroko zabalera. «Iazko lekua txiki geratu zaigu, eskaera handia dugu, eta areto handiagoa dugu aurten. Stand-etan banatuta, artistek pare bat obra jarri nahi zituzten bakoitzean baina ezinezkoa da, hori egin ahal izateko 3.000 metro beharko genituzke. Geure mugak direla eta, hainbat eskulturgilek obra bakarra jarri du erakusketan», argitu du Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko kide elkarteko kide Guillermo Olmok.
Sektorea egituratu eta suspertzeko ahaleginean ari da azken urteotan Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartea. «Euskal Herriko erakusgune nagusi asko kultur turismoari zuzenduta daude eta asko jota, euskal eskulturgileen talde txiki bati. Gainontzeko egileok ez daukagu leihorik publikoak ikus gaitzan. Administrazioko ordezkariekin bildu gara eta hiriguneetako espazio esanguratsuak euskal artistoi irekitzeko eskaera luzatu diegu», esan du Olmok.
Testuinguru honetan, bere hitzetan «garrantzitsua da eskultura bezalako arte diziplinak Durangoko Azokan presentzia izatea. Durangoko Azokarekin batera ireki zituen ateak abenduaren 5ean eta hilabetez egongo da zabalik.
Elkarteak badu beste berri pozgarria, ‘Euskal eskultura gaur’ liburuaren argitalpena. Egungo 70 eskultore baino gehiagoren informazioa eskaintzen du, Amaia Bilbaoren argazkiekin. Iñaki Ruiz de Eguinok azken hamarkadei errepasoa egin die liburuan eta Guillermo Olmok egungo panorama marraztu du.
Nestor Basterretxearen eta Eduardo Chillidaren mendeurrenak eta aurten agur esan zuten Koldobika Jauregi eta Vicente Larrea gogoan ditu erakusketak. Aipatzekoa da era berean, elkarteak urtero ematen duen Eskua Saria Koke Ardaiz eskultoreak jaso duela.
Euskal Eskultura Azokaren bisita ordutegia asteartetik ostiralera 18.30etik 20.30era eta larunbatetan 11.30etik 13.30era eta 17.30etik 20.30era da. Sarrera librea da.
Kokapena
Gandarias Aretoa
Arkotxa kalea 6
Durango. Bizkaia