Garazi Navasen ‘Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza’ soinu-instalazioa, Tabakaleran

Data

25.04.03 - 25.08.17

Lekua

- Donostia

Navasen soinu-instalazioa.
Navasen soinu-instalazioa. (TABAKALERA)

Garazi Navas akordeoilariak ‘Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza’ soinu-instalazioa aurkeztu du Tabakalerako Scala proiektuaren barruan. Hala, abuztuaren 17ra bitartean, soinu-esperientzia bihurtuko du kultura garaikidearen zentroko eskailera nagusia.

John Donneren (1572-1631) ‘Death be not proud’ olerkian oinarritu da Navas instalazioa osatzeko: soinuek gora eta behera egiten dute bisitarien pausoekin, zentzumen-esperientzia berri bati bide emateko, eta akordeoilariak entzumena zorroztu eta nola begiratu aukeratzera gonbidatzen du publikoa, «begirada artearen alderdi transzendentalera goratzera edo eguneroko bizitzaren iragankortasunera zuzentzera», azaldu dute Tabakaleratik. Modu horretan, instalazioa «begiradaren eraldaketa-prozesuan gelditu eta prozesua bizitzeko gonbita» dela nabarmendu dute. «Pertzepzioa aldatu egiten da unea bakoitzean, eta errealitatea berrinterpretatzeko aukera ematen du, ohikotik apartekora eta alderantziz».

Esanahien joko horretan, Navasen arabera, «itzulgarria ez den aldaketa bakarra bezala agertzen da heriotza, baina begiradak desafio egiten dio haren transzendentziari, heriotza bera hilko delako».

Soinu-instalazioaz gain, proposamenak eskailera ondoan ikusgai dauden faksimileak, partiturak eta liburuak biltzen ditu, proiektuan zeharreko nabigazioa eta ulermena areagotu eta errazteko. Obra eraikinaren ordutegian aktibatuko da, eta aurtengo apirilaren 3tik abuztuaren 17ra arte entzun ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian. Grabazioa, nahasketa eta masterizazioa Juanan Rosek egin ditu.

2021etik, Scala proiektuak, besteak beste, Niño de Elche, Maialen Lujanbio eta Carlos Casas artisten proposamenak jaso ditu, soinuaren eta arkitekturaren arteko interakzioak ikertu dituztenak. Garazi Navasen instalazioa proiektu honetako hamabigarrena da.

Instalazioa inauguratzeko, Garazi Navasek zuzeneko emanaldia eskainiko du eskailera nagusian, apirilaren 3an, 19.00etan. Bere interpretazioak espazio arkitektonikoarekin eta instalazioarekin interakzioan jardungo du, eta geruza berri bat gehituko dio soinu-esperientziari.

Garazi Navas (Usansolo, 1995) Musikenen lizentziatutako akordeoilaria da. Bere lanean musika garaikidearen eta musika tradizionalaren arteko lotura ikertzen du, akordeoia bien arteko zubi gisa hartuta. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta beste arlo batzuetako artistekin elkarlanean aritua da, besteak beste, poesia, antzerkia, dantza edota instalazio artistikoak lantzen dituztenekin.

Navasek Tabakaleran izan duen ibilbidean hainbat proiektu biltzen dira. 2020an, ‘Musika dena eta ez dena’ programan parte hartu zuen, Carlos Taroncher eta Maite Larbururekin batera, tradizioaren eta abangoardiaren arteko tentsioa esploratzen zuen kontzertua eskainita. 2021ean, ‘Zinema belarrietara’ zikloan parte hartu zuen; proposamen horrek Tabakalerako zinema-aretoaren barruko soinu-esperientzia kolektiboan jarri zuen fokua. Berriki, 2024an, kontzertu bat eskaini zuen ‘Topalekuak’ erakusketan; Manu Gaignerekin batera, hausnarketa baten parte izan zen bere musika, topalekuei eta memoriaren eta lurraldearen soinu-eraldaketari buruzkoan.

Kokapena

Tabakalera
Pl. de las Cigarreras, 1
Donostia.