Gerra eta denbora ardatz dituen erakusketa dago ikusgai Amarica aretoan

Data

25.02.14 - 25.03.30

Lekua

Araba - Gasteiz

Amarica aretoko erakusketaren irudia.
Amarica aretoko erakusketaren irudia. (ARABAKO DIPUTAZIOA )

‘Gerra eta denbora. Decrecimiento’ erakusketa hartuko du Amarica aretoak martxoaren 30era arte. Arabako Diputazioko Kultura sailaren eskutik 78 pertsonak eta taldek parte hartu dute bertan.

Javier Fernandez Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren burua; Jose Cos artista plastikoa eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasle ohia; Jose Ramon Mauleon EHUko irakasle ohia; Txaro Garcia poeta eta artista plastikoa; Cristina Romea idazle eta hizlaria; Amaia Calvo argazkilaria eta Juan Pablo Alvarez diseinatzaile eta artista plastikoa egon dira ostiral honetako aurkezpenean.

Denbora eta gerra, bi kontzeptu izan dituzte ardatz sortzaileek. Sorkuntza plastikoko, poesiako eta musikako hainbat egilek, arte kritikariekin eta komisarioekin, bakezaleekin, filosofoekin eta herritarrekin batera hartu dute parte proiektuan.

Erakusketara sarrera doan da. Ordutegia honakoa: asteartetik ostiralera 18.00etatik 21.00etara. Larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 21.00etara. Igandetan 12.00etatik 14.00etara.  

Amarica aretoko erakusketaz gain, ekitaldi ugari egingo dira, hala nola poesia errezitaldiak, bisita gidatuak, hitzaldiak..., bai Amarica aretoan bertan, bai beste gune batzuetan, hala nola Bibaten, Vital Fundazioan, Dendaraban edo Artiumen. Prestatutako egitarauaren xehetasunak webgunean kontsulta daitezke.

Aste honetan bertan 137 kultur eragile eta artistek bat egin dute Amarica aretoak gainean duen itxiera mehatxuaren aurrean kultur espazioa babesterakoan. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak erakusketa aretoa itxi eta Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentro bat jartzeko hartutako erabaki «aldebakarra» kritikatu dute.

Kokapena

Amarica Aretoa
Amarica Enparantza, 2
Gasteiz. Araba