Gipuzkoako Ahotsak zikloa abian jarri du Kutxa Fundazioak
Data
24.10.05 - 24.12.06
Lekua
Gipuzkoa - Donostia
Kutxa Fundazioak Gipuzkoako Ahotsak abiatu du, herrialdeko musika sorkuntzaren aniztasunari ahotsa emango dion musika zikloa.
Ekimena urria eta abendua bitartean egingo da Kutxa Fundazioa Kluban, Bidean Produkzioak-en laguntzarekin. Denak tokiko taldeak dira. Lurraldeko talentu berri eta finkatua babesteko eta ikusarazteko plataforma gisa aurkezten da.
Antuxuna eta Gilda izan dira lehenak urriaren 5ean, eta Zahara Moreno eta Ayvee hurrengoak urriaren 12an. Eraulen musika urriaren 19an taularatuko da, eta Eneritz Furyak-ek eta Hatxek urriaren 25ean emango duten kontzertu bikoitza hilabeteko nabarmenetako bat izango da. Hurrengo egunean, 26an, Postal Kolekzionistak eta Aria taldeen txanda izango da. Eta Sara Mansilla eta Nuria Culla urriaren azkeneko egunean 31n, arituko dira.
Azaroan, zikloak aurrera jarraituko du: Mark Duti eta Letagin arituko dira azaroaren 22an, eta, ondoren, Peachy Joke eta Ander Zubillaga azaroaren 30ean. Azkenik, zikloa abenduan itxiko da, Ke Lepo eta Alai taldeen kontzertuekin, hilaren 6an, Gipuzkoako musika aniztasunaren ibilbide honi amaiera emanez. Gaueko 21.00etan dira emanaldiak Kutxa Fundazio Klubean (Tabakaleran). Sarrerak hemen salgai.
Ulertzeko eta izateko modu berriak
Beren berezitasun eta sormenagatik egiteko, ulertzeko eta izateko modu berriak proposatzen dituzten ahotsei espazio bat eskaintzea du helburu egitasmoak. «Musikaren bidez, artista eta sortzaileek ezarritako arauak desafiatzen dituzte, eta urrunago begiratzeko inspirazioa ematen digute, gizarte irekiagoa, inklusiboagoa eta toleranteagoa sustatuz», adierazi du Ane Abaldek, zikloaren arduradunak.
Taldeen hautaketa musikaren kalitatean, hizkuntzan edo genero berdintasuna bezalako irizpideetan oinarritu da. «Adierazleen artean dago musikaren kalitatea, hain zuzen ere proiektu bakoitzak maila artistiko altua duela bermatzeko. Gainera, artisten profesionaltasuna, iraunkortasuna eta ibilbidea eta musikaren panoraman aktibo mantentzeko duten gaitasuna baloratu dira. Era berean, genero berdintasuna funtsezko irizpidea izan da, ordezkaritza orekatua eta askotarikoa ziurtatuz, baita proposamenen originaltasuna eta estiloa ere. Beste faktore batzuk ere izan ditugu kontuan, hala nola taldeek jaso duten kritika eta aintzatespena, baita Gipuzkoan izan duten partehartzea ere, ingurunearekiko lotura eta garapen kulturalarekiko konpromisoa erakutsiz», zehaztu du Abaldek.
Artebidea
Kutxa Fundazioak talentu artistikoa sustatu eta babestea helburu duen programa da Artebidea, artistek banakako eta taldeko ezagutzaren sortzaile gisa egiten duten lanari prestigioa emateko asmoa duena. Eta lan hori sozializatuz egiten du, pentsamendu kritikoa eta artearen begirada anitza eta zabalagoa garatzeko.
«Artebidea programaren baitan, bederatzi proiektu anitz aurki daitezke eta horietako bat da Gipuzkoako Ahotsak zikloa. Guztien artean desberdintasunak nabariak badira ere, helburu amankomun bat partekatzen dute: arteek, humanitateek eta kulturak ezagutzaren eraikuntzan egiten duten ekarpenari balioa ematea», azpimarratu du Abaldek.
Artebidea programa 2024-2030 Plan Estrategiko berriaren baitako ‘Ezagutza biziz’ lan-lerroan txertatzen da. Ezagutzaren kultura sustatzea du helburu, «jendea egungo erronka eta aukeretara hurbiltzeko, eta horrela gizartea eraldatzeko prozesuak bultzatu eta eraikitzeko».
Kokapena
Kutxa Fundazio Kluba
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa