Hariak, erresistentzia istorioen zinema jaialdia Hernanin

Data

24.11.07 - 24.11.17

Lekua

Gipuzkoa - Hernani

Jaialdiaren edizio berriaren kartela.
Jaialdiaren edizio berriaren kartela. (HARIAK )

Hariak, erresistentzia istorioen zinema jaialdiaren hirugarren edizioa azaroaren 7tik 17ra egingo da.

Dokumentalak, solasaldiak, musika eta aurten, afrodantza saio bat ere iragarri dituzte sustatzaileek. Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak bultzatzen du Hariak zinema jaialdia, «giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatzen, aurre egiten eta erresistitzen duten Euskal Herriko zein munduan barreneko protagonistei ahotsa emateko».  

Memoriaren gaia hartu da ardatz aurtengo edizioak. Gai horri lotuta, ertz askotako eta eremu geografiko ugaritako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil... makina bat herrialdeko errealitateak ezagutaraziko ditu zteondu duten egitarauaren bitartez.    

Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak azaldu du aurten ere dokumental emanaldiak solasaldiekin osatuko direla, «erresistentziak hobeto ezagutzeko eta kokatzeko». Punta-puntako hizlariak izango dira Hariak-en: Bertha Gaztelumendi, Olga Rodriguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martinez de la Hidalga, Teresa Toda, Quinddy Akeju eta Mahmoud Traore, besteak beste.

Jatorrizko bertsioan izango dira dokumentalen emanaldiak, euskaraz edo gaztelaniaz azpititularik. Saio guztiak dohainik izango dira.

Hariak-ek duen xarmetako bat da ezohiko zinema bihurtzen dela Kulturarteko Plaza Feminista. Irantzu Jauregi Hernaniko Udaleko Lankidetza teknikariakren hitzetan «oso ondo funtzionatzen du gune hau aprobetxatzeak zinema bihurtzeko».

Inaugurazio ekitaldia azaroaren 7an izango da. Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduari (MST) ahotsa emango zaio eta Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlariak azalduko ditu mugimendua ulertzeko gakoak. Ondoren, Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin Brasilgo musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

Webgune propioa

Hariak-en jarraitzaileei zinemaldia jarraitzea errazteko, webgunea estreinatu du aurten Hernaniko zinemaldiak. Bertan, aurtengo edizioari buruzko informazio guztia aurkituko dute interesatuek, baita aurreko edizioen berri ere. 

Su Hernandezek, zinema jaialdiaren koordinatzaileak azaldu duenez, «webgunea erabilterraza, erakargaria eta praktikoa» izateko intentzioarekin landu da. «Webgune propioa izateak Hariak egonkortu egingo du, beste zinemaldi batzuen mailara heltzeko».  

Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak orain arte bertaratu ez direnak gonbidatu ditu Kulturarteko Plaza Feministara. «Oso giro berezia sortzen da Kulturarteko Plaza Feministan. Behin Hariak ezagutzen duena, berriz bueltatzen da».
    
EGITARAUA:
Azaroak 7, osteguna
18.00 Inaugurazio ekitaldia:
- Hariak-en hirugarren edizioko dokumentalen trailerren emanaldia.
- ‘Ocupar, resistir e produzir! As feiras do MST’ (Dario Azzellini eta Oliver Ressler) lana eskainiko da. Ondoren solasaldia Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlariarekin, Brasilgo Lurrik Gabeko Nekazarien mugimendua ulertzeko.
- Brasilgo musika saioa Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin.

Azaroak 8, ostirala:

18.00. ‘Bye Bye, Tiberias’ (Lina Soualem) dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Olga Rodriguez nazioartean eta Ekialde Hurbilean aditua den kazetariarekin, Palestinako historia eta egungo egoerari buruz.

Azaroak 9, larunbata:

11:00: ‘La vie d'une petite culotte’ lana eskainiko da. Segidan solasaldia SETEMeko Ainhoa Bilbao Arkotxarekin, jantzigintzako langileen baldintzak hobetzeko federazioko kidea.

18:00: ‘Matangi/Maya/M.I.A’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Herrien Auzitegi Iraunkorreko Gontzal Martinez de la Hidalgarekin, Sri Lankako tamil herriak bizi duen errealitatera hurbiltzeko.

Azaroak 10, igandea:

11:00: ‘Arnasa betean’ filmaren emanaldia eta ondoren solasaldia Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin, Euskal Herriko emakume zinegileei buruz.

18:00: ‘La memoria infinita’ren proiekzioa eta solasaldia Jasna Pauletich, Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin, memoria kolektiboa dokumentatzeko estrategiez.

Azaroak 14, osteguna:

18.00: Writing with fire eta solasaldia Ebbabba Hameida Mugarik Gabeko Kazetariarekin, kazetaritza lanbidean emakumeek dituzten zailtasunei buruz.

Azaroak 15, ostirala:

18.00: ‘Altsasu. Gau hura’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Adur Ramirez de Aldarekin, auzi hartako auzipetuetako bat.

Azaroak 16, larunbata:
- 11:00: ‘Mothers eta solasaldia Herrialde Katalanetako Jaima Maternal elkarteko kideekin, haurdun geratzen diren emakume marokoar ezkongabeen testuingurua kokatzeko.

18:00: ‘Samba, un nombre borrado’ eta, solasaldia Mahmoud Traore dokumentaleko protagonistarekin eta Elin elkarteko Pilu Alba ekintzailearekin, Ceutako (Espainia) egoera azaltzeko.

Azaroak 17, igandea:

11.00: Mrs. F eta solasaldia Quinddy Akeju Europako Afrokolektibaren koordinatzailearekin, Nigeriako txabola auzoetako emakumeen ahalduntzea testuinguruan kokatzeko.

Afrodantza saioa Quinddyrekin.

Sarrera doan.

Kokapena

Kulturarteko Plaza Feminista
Florida Auzoa, 28
Hernani. Gipuzkoa