Harrikada Fest hartuko du Izarrak estreinakoz uztailaren 26tik 28ra

Data

24.07.26 - 24.07.28

Lekua

Araba - Izarra

Adriana Lopez, jaialdiaren lehen edizioaren izen nagusietariko bat.
Adriana Lopez, jaialdiaren lehen edizioaren izen nagusietariko bat. (HARRIKADA FEST)

2024ko uztailaren 26, 27 eta 28an techno doinuek hartuko dute Arabako Izarra herria, bertan ospatuko baitan lehendabiziko aldiz Harrikada Festibala.

2018an lehen edizioa ospatu zuten Ozaetan, eta bertako esperientziatik abiatuta Harrika Kolektiboa sortu zen. «Festibal formatutik aldendu eta aretoetako dantzalekuetan zentratu da kolektiboa azken urte hauetan eta berriki, apirilean hain zuzen, bi urte bete ditu Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hilabetero egiten duten Harrika ekimenak. Jimmy Jazzen soilik 26 jaialdi antolatu ditu kolektiboak, beti ere techno musika eta zaintza lanak elkarlotuz», diote sustatzaileek.

«Aniztasunaren eta doinu berrien aldeko festa honetan parte hartzeko» gonbita luzatu diete gizarteko sektore ezberdinei Harrika Kolektiboak, hiru egunez musikaz gozatu eta elkarrekin dantzalekuari su emateko aukera paregabea dator Izarrara».

Guztira 50 artista baino gehiago gonbidatu dituzte euren jaietara. Gehienak emakume DJak. «Harrikak hasieratik egin du apustua bai emakume bai eta LGTBIQ+ kolektiboko artistak erdigunean jarriz. Artean izen batzuk aipatzearren, azken bi urteetan Dasha Rush, Grace Dahl edota Supergloss bezalako artisten saioak entzuteko aukera izan dute jaietara gerturatu direnek, eta ez hori bakarrik, Berlinen aitzindaria den Gegen edota Madrilgo gauak irauli dituen Skin kolektiboak ere izan dira bertan. Jimmy Jazzetik haratago, azken hilabeteetan kolektiboaren dinamika berriak ezagutu ditugu, hala nola, Arrasateko Gaztetxean ospatu zuten Herrika jaialdia edota Madrileko Fernweh kolektiboarekin batera antolatu dituzten showcase-ak», esan dute.

Proiektu berri baten berri eman dute orain: Harrikada Festibala. Hiru egunetan zehar bertako zein nazioarteko DJ eta ekoizle ezberdinen saioak entzuteko aukera eskainiko dute festibalerako propio montatuko duten jai eremuan.

Techno musika, zaintza eta landa eremua

Techno musika, zaintza eta landa eremua lotzea du helbudu egitasmoak. «Azken urteetan Euskal Herrian egon den musika iraultzaren zati bat izan nahi du Harrika kolektiboak, euskaraz eta Araban ekoitzitako proiektua izan nahi dugu, apustu berritzailea eginez, eta beti ere zaintza erdigunean jarriz. Elkarren arteko zaintza, ingurumenaren zaintza, kolektiboaren baloreak lehentsiz eta azken aldiko makrofestibalen aurkako festibala izan nahi dute, bolondresek osatzen duten kalitatezko festibal underground eta antikomertziala», argitu dute.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten izenak eman dituzte jakitera. Egungo euskal technoa jorratzen duten kolektibo ezberdinen erakusleiho izan nahi du jaialdiak eta horren aldeko apustua egingo du, batetik. EMA, Apetak, Mixthetika, Redlux edota Frenetik bezalako kolektiboetako aurpegi ezagunak Izarran izango dira. «Era berean ez dira faltako azken aldian ezer esana eman duten zuzeneko saio bereziak, tartean Griseseko taldekide den Alejo Orbegozok sortu duen bakarkako Ke Lepo proposamena», diote.

Nazioarteari dagokionez, Nastia eta Tauceti izango dira ekitaldi honen gidari. «Tauceti artista frantziarra ezaguna da ambient eta techno doinu ilunak nahasteko duen trebeziagatik, eta azken aldian ohikoa da bere izena Europako aretorik ospetsuenen karteletan. Bestalde, Nastia beharbada Ukrainiako techno artistarik ezagunena dela esan dezakegu. 2005an bere debuta egin zuenetik ez du atseden hartzeko denborarik izan. Bere zigilu propioa sortu eta Arma17 ospetsuko egoiliar bilakatu zen. 2019an beste zigilu berri bat sortu zuen, NECHTO izenekoa, eta orduz geroztik mundu mailako areto ezagunenetan egin ditu emanaldiak. Bere saioetan techno sakon eta melodikoak nahasten ditu, urperatutako soinu-paisaiak sortuz, entzuleak trantzearen antzeko esperientziara erakartzen dituztenak. Bere musikaren ezaugarriak erritmo azkarrak dira eta badu dantzalekuan tentsioa sortzeko berezko gaitasuna», adierazi dute sustatzaileek.

Sarrerak salgai daude webgunean.

Kokapena

Ostuño Parkea
Ostuño Parkea
Izarra. Araba