Indubio konpainiaren ‘Epaiketa arrotzari’ lana Victoria Eugenian, estreinakoz

Data

25.02.13 - 25.02.28

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

‘Epaiketa arrotzari’ antzezlanaren irudia.
‘Epaiketa arrotzari’ antzezlanaren irudia. (Alessandro ARCANGELI)

‘Epaiketa arrotzari’ antzezlana otsailaren 13 (19.30) eta 14an (17.30) ikus ahal izango da Donostiako Victoria Eugenian. ‘Juicio al extranjero’ obraren euskarazko bertsioaren lehen emanaldia izango da. Getxoko Muxikebarrin otsailaren 28an eskainiko dute. Biraren hasiera besterik ez da izango, ondoren beste hainbat saio etorriko dira.

Iñigo Santacana donostiarrak, Luis Maesso madrildarra eta Manuel Pico argentinarrak osatzen dute InDubio konpainia. Silvia Larrauri, Luix Mitxelena eta Ziggy Docherty igoko dira agertokira. Albert Camusen ‘L'Étranger’ (arrotza) liburuko protagonistari, Mersol jauna, egindako epaiketa biziko du ikusleak.

InDubiok ‘antzerki interaktibo’ gisa definitzen ditu bere obrak. Izan ere, epaile, fiskal, defentsa, akusatu, herri-epaimahaia, lekukoak... eta abarren paperak hartzen ditu publikoak. Emanaldi bakoitzean, ikusleek izango dute epaia bere gain hartzeko ardura.

Antzokiak ikusgela baten itxura hartuko du –hiru edo lau bandatara jarritako ikusleekin– eta parte hartu nahi duenak test bat bete eta rol bat jasoko du.

Horrela, funtzio bakoitzean, epaia ez ezik, epaiketaren garapena ere desberdina izango da. Laguntzaile gisa bakarrik parte hartu nahi duenak, alegia, begiratzera mugatu nahi duenak, izango du horretarako aukera, saioaren hasieran banatuko diren txartel horiekin hala identifikatuta.

«Istorioaren norabidea erabat baldintzatuko duten erabakiak hartuko ditu publikoak, era horretako antzerkiaren aldeko apustua egiten dugu. Antzerki parte-hartzaile eta erritmo bizikoa, ikuslea ez da mugatzen bere besaulkitik begiratu eta gero alde egitera», adierazi dute konpaniako kideek.

«Entzuleria ahaldundu eta entretenitu egiten da. Kontua ez da lanak tesi bat erakustea, baizik eta jendaurrean hausnarketa kolektibo bat egitea», esan dute.

2021tik hona

2021ean estreinatu zuten ‘Juicio al extranjero’ eta 60 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Estatu espainolean. Bilboko Berreginen Museoan eskainia dute. Estreinatu eta lau urtera, beste aktore talde batekin biraka jarraitzen du. Datorren martxoan (4, 5 eta 6) Torrelavegan (Kantabria) izango da eta maiatzaren 2an Almendralejon (Badajoz).

Gainera, InDubiok beste ikuskizun parte-hartzaile bat estreinatu zuen 2024an: ‘Una crónica de violencia’. Joan den udan Madrilgo Mirador aretoan lan egin ondoren, Sevillan, Tenerifeko Santa Cruzen edo Bilbon bira egin du.

Donostiako eta Getxoko sarrerak salgai daude (13,50 y 15 euro + gastuak) Donostia Kultura eta Getxo Kulturaren webgunean.

Kokapena

Teatro Victoria Eugenia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa