Janus Lester Balmasedan

Data

24.10.05 - 24.10.05

Lekua

Bizkaia - Balmaseda

Jokin Pinatxo abeslariak gidatzen du Janus Lester banda.
Jokin Pinatxo abeslariak gidatzen du Janus Lester banda. (JANUS LESTER)

Honako asteburua berezia izango da Janus Lester egitasmoa osatzen duten musikarientzako. Hainbeste poz eman dien ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ lana aurkezteko azken emanaldietan da banda nafarra, eta Balmasedako Klaret antzokian arituko dira zuzenean larunbatean arratsaldeko 20.00etatik aurrera eta doako saioan. Kontzertua, Ostera 2024 Kultur festibalaren barnean kokatzen da eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du. Asteburua borobiltzeko, igande arratsean Azpeitian ospatuko den Kilometroak ekimenean ariko da banda zuzenean arratsaldeko 18.00etatik aurrera.

Ez gaitzala loak harrapatu

Jokin Pinatxo musikariak gidatzen du Janus Lester egitasmoa, eta bere ondoan zazpi laguneko banda sendo bat du. 2022 urtean argia ikusi zuen ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ diskoari esker eman zen ezagutara musikari nafarra, eta geroztik ez da agertokietatik jaitsi. Bi urte luze eman ditu debuteko diskoa taularatzen, eta izugarria izan da izan duen garapena. Areto txikietan eman zituen lehen pausoak, eta denborarekin zaletuak pilatzen joan da, antzokiak betez eta herriko jaietan kantuak eztandaraziz. Orain, bira amaieran murgildua da Janus Lester, eta Balmasedako emanaldia aukera ederra izango da areto goxo eta eder batean bere unibertso berezian murgiltzeko.

Ura Bere Bidean

Urtea amaitzeko, Urriaren 25 eta 26ean Ura Bere Bidean jaialdian hartuko du parte Barakaldoko BEC gunean, zenbait kantu eskainiz Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartearekin batera saio koloretsuan. Bi emanaldi hauek eskaini ondoren merezitako atsedenaldia hartuko du Jokin Pinatxok gidatzen duen bandak.

Kokapena

Klaret antzokia
Klaret antzokia
Balmaseda. Bizkaia

Loturak