Joseba Irazokik, igandez, bi emanaldi

Data

25.03.30 - 25.03.30

Lekua

Gipuzkoa - Tolosa

Joseba Irazoki eta gitarra.
Joseba Irazoki eta gitarra. ( GUILLAUME FAUVEAU )

Joseba Irazoki musikariak igande beroa izango du. Egun berean bi emanaldi eskainiko ditu Bera herriko musikariak, eta bietan ‘Gitarra Lekeitioak’ (Onomatopeikoa II) diskoa aurkeztuko du, 2024ko neguan argitaratu zuen diskoa. Eguerdiko 12.30ean Ondarruko Portuko Ranpin izango da hitzordua, eta bertan TU-K taldea izango du agertokian lagun. Emanaldia amaitzean, errepidea hartu eta arratseko 19.00etan Tolosan izango da Bonberenean aritzeko. Bakarkako saioak izango dira biak, ohikoan lagun duen bandarik gabe, bera eta bere gitarrak parez pare. Izan ere, disko berrian gitarrarekin bide berriak bilatzea du xede, ‘Instant Composition’ formula erabiliz. Piezak erdi konposatuak-erdi inprobisatuak dira, eta kasu honetan, beti ere zuzeneko magia lagun.

Ondarru

Ondarruko Portuko Ranpan egiten den ‘Saretartin Kontziertuk!’ musika zikloaren barnean kokatzen da lehen emanaldia. Eguerdiko 12.30etatik aurrera hasiko da emanaldia  eta TU-K banda ariko da ere, afitx ederra osatuz.

Irazokik zabalduko du musika festa, eta ondoren igoko da TU-K banda mitikoa agertokira. 1984an sortu zuten Josu Aranbarrik eta Txomin Uribek, eta 40 urte geroago berpiztu dute egitasmoa taldearen diskografia batuz binilo bikoitz ederrean. 80. hamarkadako bi maketetako abestiak ber masterizatu eta inoiz grabatu gabeko beste hirurekin batera 2024an ‘Tuka esaten da’ binilo bikoitzak ikusten du argia. Emanaldian hiruko formatuan ariko dira, Markel Uribe gitarretan lagun. Sarrerak aurrez Kurike dendan eta Anaitasuna tabernan  eskura daitezke 8 euroen truke, edo egun berean 10 euro ordainduta Ranpan bertan.

Tolosa

Sarri aritu izan da Joseba Irazoki Tolosako Bonberenean. Seguraski, gune okupatuan gehien jo duen musikaria izan daiteke, 1997. urtean Bonberenea okupatu zenetik hogei aldiz baino gehiago aritu baita bertan martxan izan dituen egitasmo ezberdinekin. Bakarka, lagunekin, Pettiren bandan, Onddo taldearekin, Xabier Montoiaren ondoan, Atom Rhumbarekin....   Igandekoa bestelakoa izango da, eta bakarka igoko da agertokira lan berria defendatzera. Izan ere,  ‘Gitarra Lekeitioak’ (Onomatopeikoa II) diskoari tiraka, Ingalaterrako Hegoak diskoetxeak ‘Gitarra Onomatopeikoa II’ diskoa kaleratu berri du binilo formatu ederrean, eta bestelako azal eta kantuekin.

Kokapena

Bonberenea
San Estaban auzoa
Tolosa. Gipuzkoa

Loturak