Kristina Mardaras bertsolaria omenduko du Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak
Data
24.10.19
Lekua
Bizkaia - Bilbo
Sormena eta kulturarekin lotutako 25 emakume sortzaile bizkaitarrek parte hartuko dute aurtengo Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketaren (BEST) III. edizioan. Urriaren 19an egingo da Euskalduna Jauregian.
Kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzea ditu helburu.
Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak elkarteko kideak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura foru diputatuak ostiral honetan adierazi dutenez, «BEST ezinbesteko espazioa bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko, elkar ezagutzeko, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko».
Aurten, topaketak omenaldi berezia eskainiko dio Kristina Mardaras bertsolari bizkaitarrari, berak bertsolaritzan egindako bidea erreferentea izan baita euskal emakume sortzaile askorentzat.
Era berean, hirugarren edizio honetako irudia ere izango da Iurretakoa, Aitziber Ibarguen Zallako sortzaileak, Beatriz Sierra diseinatzaile grafiko igorretarraren kolaborazioarekin diseinatutako irudiari esker.
Eskaintza
Egitarauari dagokionez, goizean, ohi bezela, hitzak izango du garrantzia. 10.00etan ekingo zaie topaketei Leire Palacios kazetariak dinamizatuko duen lehen mahai-inguruarekin. ‘Txanponaren bi aldeak’ lelopean, kultur arloan kudealeta lanetan diharduten emakumeak bilduko dira bertan. Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! jaialdiaren zuzendaria, Maria Goiricelaya BBK Aretoko programatzaile artistikoa, Marta Urcelay Musekintza jaialdiko koordinatzailea eta Matxalen De Pedro sortzailea eta Dantzertiko irakaslea egongo dira solasaldian.
Ondoren, 12.00etan, ‘Txanpon baten truke’ izenburupean, emakume sortzaileek dituzten plazak zenbat diren eta nolakoak diren aztertuko du Leire Palaciosek bigarren mahai-inguruan. Bertan hartuko dute parte Toti Martinez de Lezea idazleak, Aranzazu Calleja musikari eta konpositoreak, Eva Guerrero koreografo eta interpreteak eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.
Arratsaldean Kristina Mardaras bertsolariari omenaldi berezia eskainiko zaio ikuskizun formatoan 18.00etatik aurrera. Iurretan jaioa, bera izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen emakumea, 1986. urtean. «Cristina Mardaras bertsolaria, ipuin kontalaria, irakaslea, eta herrigintza eta euskararen aldeko ekintzailea da. BEST Topaketen III. edizio honetan bere lanaren aitortza egin nahi dugu, Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferentea eta aitzindaria izan baita» adierazi du Payak.
Horretarako, dantza, bertsoak, interpretazioa eta musika barne hartzen dituen ikuskizuna prestatu dute antolatzaileek sortzaile ezberdinekin: Meñakoz Dantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel rapera, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen ere.
Gainera, egun osoan zehar instalazio artistiko partehartzailea egongo da kokatuta aretoaren kanpokaldean.
Aurreko bi edizio hauetan, guztira, 50 emakume inguruk hartu dute parte BEST topaketetetan.
Kokapena
Euskalduna Jauregia
Abandoibarra, 4
Bilbo. Bizkaia