Maiatzaren 14tik 25era luzatuko da Musikaste, Errenterian

Data

24.05.17 - 24.05.25

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Astearte honetan aurkeztu dute aurtengo egitaraua.
Astearte honetan aurkeztu dute aurtengo egitaraua. (Maialen ANDRES | FOKU)

Denera hamahiru kontzertu prestatu ditu ostiral honetan hasi eta maiatzaren 25era arte luzatuko den Musikastek. Guztira, bi aste, zazpi egunetan banatuta. «Ospe handiko obrak eta soinu alaiak entzun ahal izango dira jardunaldi hauetan», iragarri dute.

Edizio honen aurkezpena astearte honetan egin da Errenterian, Eresbil Fundazioaren egoitzan. Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariak bildu dira. Bertan izan dira Arantxa Arzamendi, Andra Mari Abesbatzako presidentea; ello Leiñena, Eresbil Fundazioko zuzendaria; Joxean Muñoz, Lakuako Gobernuko kultura saileko aholkularia eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria.

Eresbil Fundazioak –egitasmoaren antolatzaileak– urrezko ezteiak ospatzen ditu aurten. Erakundea 1974an sortu zen eta ordurako bi edizio zituen antolatuak. «Eresbil Fundazioa erabakigarria izan da jaialdiaren bilakaeran, euskal musika ondarea babesteko lan handia eginez», adierazi dute astearte honetan egindako aurkezpenean.

«Jaialdiak gure musikaren kalitatea, aniztasuna eta aberastasuna ezagutarazteko ilusioari eusten dio; eta, horretarako, euskal interpreteak eta sortzaileak babesten ditu, gaur egungoak zein klasikoak. Gainera, aurten ere dantzari ematen zaio garrantzia, disziplina hau ere bultzatu nahi baita», esan dute.

Edizio honetan Lekuona Fabrikak garrantzi berezia izango du, bertan zazpi emanaldi eskainiko baitira. Jaialdia ostegun honetan hasiko da Idoia Hernandez, ‘Hatxe’, Errenteriako konpositorearen musika esperimental eta garaikidearekin. ‘Panpin Orkestra’ ikuskizuna 18.30etik aurrera Lekuona Fabrikan jarraitu ahal izango da. Bertan Errenteriako musikari eta poetek, Herri Arte Eskolako orkestrarekin batera, euren ikuspegi musikal eta artistiko pertsonala erakutsiko dute.

Hurrengo egunean, Kukai Dantza Taldeak lekukoa hartuko du, 19.00etan, Lekuona Fabrikan. Dantza izango da protagonista ‘Txalaparta’ obrarekin. Proiektu hau Kukai Dantza eta Jesus Rubio Gamoren arteko topaketatik sortutako sorkuntza berria da. Lan honetan zazpi interprete errotiko dantzaren eta haiekiko ikuspegi garaikide baten arteko topaketak proposatzen duen espazio emozionalaean murgiltzen dira.

Andra Mari Abesbatza

Igandean herriko bizilagunek Errenteriako Udal Txistulari Bandaren ‘Diana’ soinuekin esnatuko dira. Talde honen parte-hartzearen ondoren, parrokian Ignacio Arakistain organistaren emanaldia entzun ahal izango da. Gero, Andra Mari Abesbatzaren ahotsak batuko zaizkio, eta Jose M. Goikoetxea eta Pedro Aizpuruaren obrak eskainiko dituzte, haien jaiotzaren mendeurrena ospatzen den urtean. Goizeko azken urratsak Errenteriako Musika Bandaren kontura izango dira, Luis Fraca, Luis de Aramburu eta Jose Luis Marcoren konposizioak interpretatuz.

Arratsaldean, 18.30ean, Lekuona Fabrikan, Kontari Landarbaso, Orereta Ikastola, Koldo Mitxelena Ikastetxea, Bizarain ikastola, Telleri-Alde Ikastetxea eta Cristobal Gamon Ikastetxeko gazte ahotsek abesbatzen munduari eskainitako ekitaldia aurrera eramango dute. Maddalen Dorronsorok ‘Koloreka kontari’ ikuskizun hau zuzenduko du.

Atsedenaldi baten ondoren, jaialdiak bigarren asteari ekingo dio jardunaldi pedagogikoekin, hilaren 22an eta 23an. ‘Living Room Musica’ ikuskizuna Errenteriako ikastetxeetako 1.300 ikasle ingururi zuzenduta egongo da. Haurrek perkusioaren munduari eskainitako lan original batez gozatu ahal izango dute.

Zukan hirukoteak eta Miren Lizeaga dantzariak ‘Soinuzko Begiradak’ ikuskizuna eskainiko dute hilaren 22an, 19.00etan, Niessen Kulturgunean. Jon Ansorenaren txistuak, Gorka Catedianoren perkusioak eta María Zubimendiren akordeoiak interpretatuko dituzte Zuriñe F. Gerenabarrena, María Eugenia Luc, Juan José Eslava eta Francisco Domínguezen obrak, besteak beste.

Pavel Gomziakov biolontxelo jotzailearen eta Josu Okiñena piano-jotzailearen txanda izango da hilaren 23an, 19.00etan, Madalena Ermitan. Bikote honek Tomas Garbizu, Jose Antonio de Donostia, Felix Lavilla, Jesus Guridi, Maurice Ravel eta Claude Debussyren obrak joko ditu.

Musikaste itxi aurreko egunean, maiatzaren 24an, bi kontzertu izango dira. Horietako bat ohiko Abesbatzen Eguna izango da. 19.30ean, Euskal Herriko lau talde izango dira Lekuona Fabrikan, besteak beste, Vicente Goicoechea, Jose Domingo de Santa Teresa, Jesus Guridi eta Jose de Olaizolaren obrekin. Emanaldi honetan entzun ahal izango dira Bihotz Alai Algortako (Getxo) abesbatza beteranoaren, Baiona Euskal Herriko Abesbatza sortu berriaren, Easo Emakumeen Abesbatzaren eta Errenteriako Landarbaso abesbatzaren ahotsak.

Bigarren emanaldiaren helburua zendu berri den Allan Griffin instrumentistaren ibilbidea gogoratzea da. Arkaitz Miner gitar-joleak, Irati Irizarren biolinjotzaileak eta Herri Arte Eskolako dultzaineroen taldeak ‘Halfway to hell’ liburua oinarri duen errepertorioa joko dute 19:00etan Niessen Kulturgunean.

Azkeneko eguna maiatzaren 25ean izango da, Euskadiko Orkestraren eta Andra Mari abesbatzaren eskutik, Baldur Brönimannen zuzendaritzapean. 19.00etatik aurrera, Lekuona Fabrikan, Ramon Lazkano, Itziar Viloria eta Pascual Aldaveren konposizioekin osatutako programa bat landuko da.

Aurten, txistu, organo, musika erlijioso eta Errenteriako Musika Bandaren kontzertuak ez dira faltako igandeko agendan, eta arratsaldean ‘Koloreka kontari’ ikuskizuna gehituko zaio Lekuona Fabrikan, herriko sei gazte abesbatzaren emanaldiarekin.

Kontzertu didaktikoetarako tartea ere egongo da, eta Errenteriako 1.300 ikaslek baino gehiago emanaldia ikusteko aukera izango dute. Abesbatzen eguna ere ospatuko da Musikasteren edizio honetan.

Kontzertu guztietarako sarreren prezioa zazpi eurokoa izango da, igande goizeko emanaldietarako izan ezik, horiek doakoak izango baitira. Sarrerak salgai daude jada Eresbil Fundazioaren egoitzan (Alfonso XI, 2, Errenteria), Lekuona Fabrikan (Urantzu kalea, 7, Errenteria) eta eresbil.eus webgunean. Areto bakoitzeko leihatilan ere erosi ahal izango dira emanaldiak hasi baino ordubete lehenago.

Egitarauaren xehetasun gehiago webgunean.

 

Kokapena

Lekuona Fabrika
Ugarritza Etorbidea, 1
Errenteria. Gipuzkoa