Oi! Se Arma taldea Euskal Herrian
Data
24.09.15 - 24.09.15
Lekua
Bizkaia - Bilbo
Oi! Se Arma talde Kanariarra Euskal Herrian ariko da zuzenean asteburu honetan. Guztira hiru emanaldi eskainiko ditu taldeak, eta Andoaingo gaztetxea, Arrasateko gaztetxea eta Bilboko Nave 9 aretoa bisitatuko ditu bandak hurrenez hurren ostiraletik igandera bitartean. Oi! musika eszenan erreferente zuzen bat da honako taldea, eta Euskal Herrian ere zaletu mordoa ditu bandak. Sarrerak egunean bertan salduko dira emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago. Ez da on-line salmentarik izango.
Oi! Se Arma
2005 urtean sortu zen Oi! Se Arma taldea Kanariar Uhartean. Aurretik hainbat taldeetan aritu ziren musikariak, eta Oi! Se Arma taldea sortzean, norabide jakin batera bideratu zuten proposamen berria. Punk erritmoetan eta oi! giroetan kokatzen da banda, eta musika bidean iraupen luzeko hiru disko kaleratu dituzte, horietako azkena 2013 urteko ‘Los Mas Odiados‘’ lana. Urte batzuk lozorroan eman eta gero taldea agertokietara itzuli da, eta disko berririk argitaratu ez duen arren, taldearen diskografia oparoa aurkezpen txartel bikaina da. Kantu zuzenak eta gordinak lantzen dituzte, muturrean kolpe zehatz bat bezain indartsu eta erabatekoak.
Andoain
Andoaingo gaztetxean abiatuko du bira talde kanariarrak, eta streetpunk eta oi! gaualdi beroa izango da. Azken Sustraiak taldeak zabalduko du gaualdia, gure punk oi! eszenan sona handia duen talde goierritarra. Izan ere, ‘Goierri’ izeneko diskoa aurkezten dabil taldea agertokietan, eta aukera bikaina izango da taldea zuzenean ikusteko. Gaueko bigarren taldea Skontra taldea izango da, Xixon (Asturias) hiritik datorren punk-folk banda. Taldeak dituen berezitasunen artean Asturiar gaitaren presentzia nabarmena kantuetan eta bable hizkuntza erabiltzea nabarmendu daitezke.
Arrasate
Biraren bigarren kontzertua Arrasateko gaztetxean joko du taldeak. Barru Fest jaialdiaren barnean ariko dira 20.30etik aurrera, eta Azken Sustraiak, Rebel Noise, eta Estutu taldeak izango dituzte afitxean lagun. Azken bi talde hauek argitaratu dituzten disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdi honetan. Elorrioko Estutu taldeak ‘Gure hautua’ izenpean kaleratu berri du iraupen luzeko bigarren diskoa, eta sei kantu berri bildu dituzte bertan. Arrasatetik, Oñatitik eta Aramaiotik datorren Rebel Noise taldeak, berriz, gauza bera egingo du ‘Ahanzturaren babesean’ lanarekin. Diskoak laster ikusiko du argia, eta aurrerapen gisa sarean zintzilikatu duten ‘Idazten dizut’ bideoa ikus daiteke dagoeneko. Gaualdia disko jartzaileen saioekin borobilduko da, non DJ Agoitz eta DJ Sauvage Punk Selector ariko diren musika jartzen goizalde arte.
Bilbo
Igande arratsez ariko da Oi! Se Arma taldea Bilbon. Nave 9 aretoan eskainiko dute emanaldia arratsaldeko 19.00etatik aurrera, eta sarrerak 10 euroko balioa izango du. Kontzertua The Sots taldeak zabalduko du, Bilbotik punk rock giroetan datorren laukoteak.
Kokapena
Nave 9
Itsas Museuma
Bilbo. Bizkaia