Oteizaren, Asinsen eta Palazueloren lanak erakusketa batean elkartu ditu Artiumek
Data
25.03.28 - 25.03.28
Lekua
Araba - Gasteiz

Jorge Oteiza, Elena Asins eta Pablo Palazuelo artisten obrekin ‘Haraindikoari itxura ematea’ erakusketa ondu du Artium Museoak. Lehen aldiz abstrakzioaren aitzindari diren hiruak elkartu ditu guztiek beren ikerketa-prozesuetan eta poetika formaletan egitura, geometria, espazioa, seriea, laugarren dimentsioa eta transzendentzia bezalako nozioekiko interesa erakusten dutelako.
Erakusketaren komisarioa Fernando Golvano Estetikaren eta Artearen Teoriaren arloan Filosofian Doktorea izan da. Beatriz Herraez museoaren zuzendariarekin batera aurkeztu du ostiral honetan lanen aukeraketa hau. Herraezek nabarmendu duenez, obrak ez da aldi baterako erakusketa baterako bildu direnak edo maileguz hartutakoak, museoaren bildumarenak dira.
Golvanok bere lan honekin batera argitaratu den testu batean dioenez, «artearen hizkuntzen eta munduaren eta errealitatearen irudikapenaren arteko harremana krisian jartzeak eragin zuen, modu nabarmenean, ikusizko arteen irudikapen naturalistaren eta errealistaren krisia».
Krisi horrek, hain zuzen, bidea ireki zion Vasili Kandinski, Kazimir Malevitx eta Piet Mondrian aitzindari modernoei. Horietan oinarrituta sortu zuten beraien lana Jorge Oteizak, Elena Asinsek eta Pablo Palazuelok. Fernando Golvanorentzat hauek dira Estatu espainolean «aldaketa epistemiologiko, konstruktibo eta formal» honen aitzindariak.
Aurkezpenean hedabideei azaldu dienez, erakusketa honen xedeetako bat dagoeneko bilduman dauden lanen gainean eta hauei buruz «beste testu batzuk sortzea» da. Gaineratu du erakusketa «garatzen ari den zerbaiten lehen kapitulua da», eta Elena Asinsi «omenaldia» egiteko balio du, haren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta.
Oteizaren lanen artean nabarmentzen direnak ‘Lemoizen hurbiltasuna seinalatzen duen hilarria’ eta Malevitx matrizea erabilita sortutako maklak dira. Artista honek 1955 eta 1959 bitartean esperimentazioa landu eta aztertu ondoren eskultura alde batera utzi zuen. Abangoardien artean supremantismoan ardaztu zen eta ‘Malevitx unitatea’ delakoa definitu zuen.
Golvanok azaltzen duenez, «laugarren dimentsioa eta hiperboloidea ikertu zituen, non zulo eta sakonuneak, hutsune harreragileak kanpoko espazioekin mintzo diren, energia estetiko ezezagunak eta esanahi espiritualak sortuz».
Elena Asins, bestalde, arte kontzeptualaren aitzindaria izan zen Estatu espainolean, bai eta ordenagailu bidezko artearen aplikazioan eta algoritmoetan oinarritutako sorkuntzan ere. Geometrian eta formula matematikoetan oinarritu zen, esate baterako. Horren adibide da Artiumen ikusgai dagoen ‘Menhires’ lana. Golvanok azaldu duenez, serie honetan sortutako triangeluak ez dira ausaz egindakoak, urrezko proportzioan oinarrituta daude.
Pablo Palazuelok egindakoa «masaren eta linearen arteko tentsioan» du oinarri. Ekialdeko kulturarekiko interes berezia zuen, mandalekiko, esate baterako. «Bere ibilbidearen lehen urteetan», dio Golvanok, «kubismo analitikoarekiko zorra ahaztu» eta konstruktibismoan jarri zuen bere lilura, besteak beste. Filosofian doktorearentzat Arabako Foru Aldundiak 1970ko hamarkadan Palazueloren ‘Orto V’ lana eskuratzea «trebetasun handikoa» izan zen.
Matematikak, serieak eta estrukturak
Hiru artistak matematiketan, serieen ideian, estrukturaren kontzeptuan eta honekin jolastean eta musikaren lege matematikoetan interesatu ziren bereziki. Golvanoren ustez, ulertu baino, harekiko intuizioa eta lilura sentitzen zuten.
«Beraiek azaldu ezin zuten hori transmititzen zuten obrekin», adierazi du komisarioak. Hala ere, ostiral honetatik aurrera bisitatu daitezkeen lan hauetan «guztiok antzeman ditzakegun hurbilketak, analogiak eta konexioak daude».
Kokapena
Artium museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba