Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel, Getxoko jazz jaialdian

Data

24.07.03 - 24.07.07

Lekua

Bizkaia - Getxo

Stacey Kent eta bere taldea izango dira Getxoko jazz jaialdian.
Stacey Kent eta bere taldea izango dira Getxoko jazz jaialdian. (GETXOKO JAZZ JAIALDIA)

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 47. edizioak emango dio hasiera aurten ere Euskal Herriko jazz zirkuituari, uztailaren 3tik 7ra bitarte. Ohi bezala, talde gazteak eta nazioarteko artista nabarmenak bilduko ditu, eta, izen ezagunenen artean, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel nabarmentzen dira.

Ordainpeko kontzertuez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak, Hirugarren Milurtekoa atala eta eskaintza zabala osatzen duten familientzako kontzertuak izango dira jaialdian zehar.

Amaia Agirre Getxoko alkateak eskaintzaren «kalitatea eta aniztasuna» nabarmendu zituen aurkezpenean, baita jazzaldiak udalerriko «kultura eta turismo eskaintza indartzeko duen gaitasuna» ere.

Bestalde, Iñaki Saitua jaialdiaren arduradunak Getxo Jazzen belaunaldi anitzeko izaera azpimarratu zuen, bere egitarauan «musika eszenako izen handiak zein musikari gazteak» batzen direlako.

Horrela, aurtengo edizioan, James Carter saxofoi jotzaile estatubatuarrak zabalduko ditu ordainpeko kontzertuak asteazken honetan (Muxikebarri, 21.00). Biharamunean, uztailaren 4an Hiromi Uehara pianista japoniarraren txanda izango da, toki eta ordu berean.

Ostiralean, Kurt Rosenwikel gitarrista estatubatuar ospetsua buru duen konboaren txanda izango da Muxikebarrin, 21.00etan; Mark Turner saxofoi jotzaileak, Ben Street baxu jotzaileak eta Jeff Ballard bateria jotzaileak bat opsatzen dute taldea.

Stacey Kent abeslari estatubatuarra izango da larunbateko protagonista, toki eta ordu berean, eta, azkenik, Bill Frisell eskarmendu handiko gitarrista estatubatuarrarekin bukatuko dira igandean jaialdiko ordainpeko kontzertuak.

Artista ezagunen aurretik Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak arituko dira Muxikebarrin egunero, eta horrela, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek.

Hirugarren milurtekoa

Bestalde, Algortako Geltokia plazan egingo dira aurten ere Hirugarren Milurtekoa ataleko doako kontzertuak, 19.00etan. Nagusiki artista gazteak protagonista dituen eskaintzan, Irati Bilbao abeslaria, Juan de Diego tronpetista, Carmen Vela txirularia, Elias D'Hooge Trio talde belgikarra eta Wasted Generation banda italiarra izango dira.

Eskaintza horri guztiari familientzako kontzertuak gehituko zaizkio, Algortako Geltokia Plazan, 12.30ean. Horrela, larunbatean, Musikene ikastegian sortutako Femmm talde gaztea ariko da, Getxo Kultura eta SGAE Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez antolatutako saioan, eta hurrengo egunean, ‘Swing for Kids’ ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek zein helduek.

Femmm taldearen saioa HerriJazz zikloaren barruan dago eta, Oskar Castaño ‘Garbitxu’ SGAE-Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako presidentearen esanetan «abiapuntu bikaina da Getxo eta SGAEren arteko lankidetza abiatzeko».

Jaialdiari buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke, eta sarrerak eta bonuak ohiko saltokietan eros daitezke (Kutxabank sarea, Muxikebarri zentroa eta Romo Kultur Etxea).

Kokapena

Muxikebarri Zentroa
Basagoiti etorbidea, 77
Getxo. Bizkaia