Unanuko kontzertuaren edukiera mugatu behar izan du ZETAK-ek segurtasun arrazoiengatik

Data

24.09.28

Lekua

Nafarroa - Unanu

Unanuko mamuxarroak ‘AAZTIYEN’ diskoaren zati dira.
Unanuko mamuxarroak ‘AAZTIYEN’ diskoaren zati dira. (ZETAK)

«Kontzertua publiko egin aurretik sortu den aho-ahozkoa dela eta, irekia izango den kontzertu hau delimitatzea erabaki da segurtasun arrazoiengatik. Unenuko eta inguruko herrietako biztanleek euren sarrerak eskuratu dituzte hauek agortu direlarik», iragarri du larunbatean ZETAK taldeak.

Interes handia sortu baitu Nafarroako herri honetan irailaren 28an eskainiko duten kontzertu berezia. Izan ere, ‘AAZTIYEN’, estudioko azken diskoaren iruditeria sortzeko asko edan du Unanuko mamuxarroetatik Pello Reparazek. Inauterietako pertsonaiak dira mamuxarroak, garai batean inguruko bortitzenak. Traje zuriak, burdinazko maskarak (edo katolak) eta koloretako zapiak ZETAK-en azken aldi honen parte izan dira.

Proiektuari eskainitako guztia eskertzeko kontzertu berezi hau antolatu du taldeak, hilaren 28an Unanun bertan, herriko plazan. Ate irekiera 21.00etan finkatu da. Ondoren gaupasa dago.

«Unanuk 50 biztanle ditu, baina 1000 pertsona elkartuko gara bertan. Ikusgarria izango da. Horrez gain herriak egun osoko egitaraua prestatu du: herri-kirolak, herri bazkaria, kalejira… Festa handi bat txikitasunaren handitasuna aldarrikatzeko, partikularra denaren unibertsaltasuna».

Badu beste erronkarik eskuartean, 2025eko urtarrilaren 3an eta 4an ‘Mitoaroa’ ikuskizuna taularatuko baitu Navarra Arena gunean bi egunetan zehar. «Unanutik Nafarroa Arenara goaz, 50 biztanleko herri bateko plazatik Iruñean 30.000 mila lagun batzera. Mamuxarroak gurekin eramango ditugu», iragarri dute ostegun honetan.

Bost urte daramatza Zetak taldeak musika errepidean, pausoz pauso, Euskal Herriko musikaren panorama berrituz. Ur berrietan igerian. Leire Colomo (perkusioa), Iban Larreburu (bateria) eta Gorka Pastor (sintetizadoreak) ditu bidaide Pello Reparazek.

Hainbat kolaborazio sustatu ditu taldeak, tartean Erramun Martikorena, Neomak, Marala, Fillas de Cassandra, edota Bomba Estereo taldeko Suu (Susana Ventura) bezalako musikariekin.

Udan hainbat emanaldi eskaini ondoren Unanu eta Navarra Arena datoz orain, besteak beste.

Kokapena

Plaza
Plaza
Unanu. Nafarroa